Dagoeneko eman daiteke izena Foru Aldundiaren udalekuetan

Maxixatzen.eus 2020ko mar. 24a, 14:00
Gipuzkoako Foru Aldundiaren udalekuen aurtengo kartela. (GFA)

7 eta 13 urte arteko gaztetxoek eman dezakete izena Foru Aldundiaren udalekuetan. Gazteria Zerbitzuan eman beharko da izena, deituta edo helbide elektronikora idatzita.

Dagoeneko eman daiteke izena Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatzen dituen udako udalekuetan. 7 eta 13 urte arteko haurrei zuzendurik daude udaleku horiek, eta interesatuek Gazteria Zerbitzuan eman beharko dute izena. Honako lotura honetan aurkitu daiteke udalekuen inguruko informazio guztia.

COVID-19 gaitza dela eta, aurrez aurreko arreta zerbitzua bertan behera utzi zuen Gazteria Zerbitzuak duela egun batzuk. Hori dela eta, udalekuetan izena eman nahi dutenek 943-02 60 27 edo 652 72 07 52 telefonoetara deitu nahiz gazteria@gazteriazkoitia.eus helbidera idatzi beharko dute; 09:00etatik 13:00etara bitartean egongo dira Gazteria Zerbitzuko kideak deiak eta mezuak erantzuteko. Apirilaren 17a, ostirala, izango da udalekuetan izena emateko azken eguna.

Udalekuetarako eskaerak banaka nahiz taldeka egin daitezke (taldeko hiru pertsona gehienez), eta plaza lortzeko orduan, aukera berdintasuna bermatzearren, ume bakoitzeko eskaera-orri bakarra onartuko da. Eskaera-orri bat baino gehiago agertzen badira, eskaera baliogabetu egingo da. Apirilaren 23an, osteguna, egingo da plazen zozketa, eta plazak esleitzean lehentasuna izango dute aurreko urteetan aldundiaren udalekuetan parte hartu ez duten gaztetxoek.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide