Kendu pijama, eta hartu ohitura onak

Maxixatzen.eus 2020ko mar. 20a, 10:23

Berrogeialdia luzerako doa, eta etxean isolatuta geratzeak jendearen egunerokoa eten du. Sasoiari eusteko eta errutina osasuntsu bat ekiteko hainbat gomendio eman ditu Ainhize Azpiazu Azkoitiko Kirol Orientazio Zerbitzuko arduradunak.

Egoerak hala bultzatuta, halabeharrez eta, batik bat, osasun neurriengatik, gizarte oso bat etxean giltzapetuta geratu da. Horrek jendearen beste fakultate batzuk atsekabetu ditzake. Beraz, latinezko men sana in corpore sano atsotitz ezaguna kolokan jarri ez dadin, Azkoitiko Kirol Orientazio Zerbitzuko arduradun Ainhize Azpiazuk jendea sasoian egoteko hainbat aholku eta ohitura proposatu ditu.

- Ariketa fisikoa:

Errutina bat zehaztea aholkatzen du Ainhize Azpiazuk, eta, adibidez, proposatzen du goizean indarra lantzea eta arratsaldean ariketa aerobikoa egitea. Gisa horretan, egituratuta izango luke norbanakoak eguna. Gainera, indarra lantzeko ariketak etxean topatu daitezken gauzekin egin daitezkeela esan du, pisuak edo gomarik izan ezean; esaterako, esne kaxekin, detergente potoekin edo liburuz betetako motxilekin.

Ariketa aerobikoa edo kardioa bizikleta estatikoan egin daiteke; beste batzuek ergonometroa edo korrikako zinta ere izan dezakete. Halako aparaturik ez dutenak oinez ibil daitezke etxetik, ibilbide bat diseinatuz eta horri itzuliak emanez.

Indarrari ordubete eskaintzea dela egokia adierazi du, eta aerobikoari 30-40 minutu.

- Eskailerak erabili:

Egun batzuk izango dira nahitaez etxetik atera beharrekoak, batez ere, erosketak egiteko edo botikara joateko. Kasu horietan, igogailua erabili ordez, eskailerak erabiltzea gomendatzen du kirol orientatzaileak. “Egun hauetan ariketa gutxiago egiten denez, horretarako aprobetxatu daiteke”.

- Jatekoarekin kontziente:

Azkenean, etxean sartuta egotearen eraginez, gorputzak energia gutxiago erretzen du. “Beraz, inoiz baino gehiago erreparatu behar diogu jaten dugunari. Tentazio asko daude, denbora asko ematen dugulako etxean. Kontziente izan behar dugu horretaz”, nabarmendu nahi izan du Azpiazuk. Elikadura zaindu egin behar dela dio, gorputzak ez duelako horrenbeste jatekorik behar.

Horri lotuta, aholkatzen du errespetatzeko eguneko otorduak, eta egunero antzeko orduetan egiteko. Halaber, pikoteoak saihestu behar dira; batez ere, desordutan egiten direlako eta, azkenean, egun osoa jaten aritzeko arriskua dagoelako.

- Barazki gehiago:

Egoera honek sor dezakeen antsietatea jatekoarekin asetzen duela jendeak kontatu du orientzaileak. "Dieta orekatu baterako jan behar den guztiaz gain, egokia da barazkiak jatea. Izan ere, asko asetzeaz gain, kaloria askorik ez dute. Momentu askotan, antsietatea lasaitu ahal diezaguke”. Horri lotuta, bazkalostean lo kuluxka egitea ere mesedegarria dela aipatu du.

- Sofa xurgatzailea:

Kirol Orientzaio Zerbitzuko arduradunak dio oso ongi dagoela filmak eta telesailak ikusteko aprobetxatzea egun hauek, baina ez du gomendatzen ordu eta erdi edo bi ordutik gora sofan geratzea. “Azkenean, sofak xurgatu egiten gaitu!”. Aipatu denbora tarte hori igaro ondoren, beste zerbait egitearen aldekoa da: irakurri, sudoku bat egin, idatzi…

- Eguneko zikloa bete:

Erritmo zirkadiarrak dira giza gorputzak egiten dituen aldaketak egun osoan zehar, bai fisikoak, bai mentalak, baita jarrerari dagokionak ere, argitasunaren arabera. Egun hauetan jendea etxean sartuta dagoenez, ez da ari bere egunerokoa modu arrunt batean egiten. Gizartea aztoratuta dabil. Erritmo zirkadiar horiek ongi funtzionatzeko, eguneroko errutina normaltasunez egitea proposatzen du Azpiazuk, egun osoa pijametan pasatzea saihestuz. Hain zuzen ere, egunero antzeko orduan esnatu, dutxatu eta gosaldu; gero, eguneko argitasuna etxera sartzen utzi, eta aukera badago, balkoira atera eta arnasa hartu; eta gauean, ez egon sakelako telefonoan konektaturik edo telebistari begira ordu txikiak arte. Ohera joan aurretik irakurtzeko edo idazteko aholkatzen du, lo hartzeko lagungarri direlako.

- Erronka:

Jendea animatu nahi du kirol orientatzaileak berrogeialdi hau aprobetxatu dezan ohitura osasuntsuak barneratzeko. Erronka bat bezala har dezan nahi du: "Gure egunerokora itzultzen garenean, hau egunen batean bukatu egingo da eta, lehen geneukan errutina baino zertxobait osasuntsuagoa izatea da planteatzen dudana. Berrogeialdi honetan zehaztutako ohitura hauek aurrera begira ere mantentzea, geroan ere gure bizitza osasuntsuagoa izateko”.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide