Gaur hasiko da Maxixatzen.eus #EtxetikMundura saioekin

Iñigo Antsorregi idazlearen ipuin kontaketa saioa ikusi ahal izango da 20:00etatik aurrera, webgune honetan. Datozen egunetan ere izango dira saioak, ordu berean. Herriko sortzaileek ere bidal ditzakete beren bideoak zuzendaritza@ukt.eus helbidera. Animatu, eta parte hartu!

Gaur estreinatuko du Maxixatzen.eus-ek #EtxetikMundura emanaldien saioa. 20:00etatik aurrera, Iñigo Antsorregi idazlearen ipuin kontaketa saioa ikusi ahal izango da webgune honetan.  

Ez da, baina, Antsorregi izango #EtxetikMundura egitasmoan parte hartuko duen sortzaile bakarra. Hain zuzen ere, bihartik aurrera Lizar bikoteak, Tomas Lizarazu abeslariak, eta Andrea Pozo eta Jose Mari Unanue bikoteak kontzertu txikiak eskainiko dituzte. Lurdes Sudupek, bestalde, liburu aholkuak egingo ditu, Goiuri Epeldek olerki irakurketa, Iñigo Galdosek musika emanaldi txiki bat eta Erniarraitz bertsozale elkarteko bertsolari batzuek bertsoak eskainiko dituzte. Emanaldi guztiak 20:00etan hasiko dira.

Urolako Komunikazio Taldea (UKT) osatzen duten gainerako hedabideek ere prestatu dituzte tokian tokiko emanaldiak. Karkararen, Baleikeren, Uztarriaren eta Zarauzko Hitzaren webguneetan ere izango dira saioak gaurtik aurrera, eta den-denak ikusgai izango dira Urola Kostako Hitzaren eta Erlo Telebistaren webguneetan.

Koronabirusaren eraginez hartu du UKTk #EtxetikMundura egitasmoa martxan jartzeko erabakia; izan ere, joan zen asteaz geroztik bertan behera utzita daude kultur emanaldi eta saioak. Sortzaileen jarduna etxeetara irits daitekeelakoan, baina, bideo bidezko formatuak erabiltzea erabaki du, sorkuntza herritarren etxeetara eramateko asmoz.

Tokian tokiko saioen iragarpenen zerrendetan agertzen ez diren sortzaileek ere izango dute egitasmoan parte hartzeko aukera. Horiek bideoak zuzendaritza@ukt.eus e-posta helbidera bidali besterik ez dute; edozein kultur adierazpenekin lotutako emanaldiak onartzen dira. Beraz, animatu eta bidali zuen bideoak!

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide