Psikomotrizista

Ion Puy: "Etxeko kideen arteko harremana sendotzeko aukera polita da jolas librean ibiltzea"

Maxixatzen.eus 2020ko mar. 18a, 17:19

Ion Puy (Azkoitia, 1974) psikomotrizista da lanbidez. Konfinamenduaren barruan, etxeetan jolas librean eta espontaneoan ibiltzeko momentuek egon behar dutela uste du. Jolas librea gurasoen eta seme-alaben arteko harremana sendotzeko eta lantzeko aukera paregabea dela dio, baita elkarrekin ondo pasatzeko ere.

Alerta egoera honetan etxean konfinatuta dago jendea, baita haurrak ere. Nola ikusten duzu egoera?

Gaur egun gauden alerta egoera hau ikusita, eta umeekin pentsatuta, mugak ikusten ditut. Baina nahi bezala mugitzeko aukera alde batera utzita, ikusten dut momentu polita izan daitekeela beste gauza batzuk egiteko ere. Askotan aipatzen da gurasook gaur egun ez daukagula denborarik seme-alabekin egoteko. Orain, berriz, bestelako egoeran gaude; semeak esaten zidan bezala, “orain denbora besterik ez daukagu soberan”. Beraz, erabili dezakegu denbora hori gure seme-alabekin egoteko.

Baina umeek mugitzeko beharra daukate, eta etxean aukera hori mugatuta dute.

Bai, egia da haurrak espazioa eta mugimendurako aukerak mugatuta dituela etxe barruan. Egoera horrek, ordea, ez dizkigu kentzen gure seme-alabekin harremantzeko aukerak. Orain denbora daukagu, eta egoera hau aukera polita izan daiteke umeekin egoteko eta umeekin jolasteko.

Zer nolako jolasak izan daitezke?

Psikomotrizistontzako mila eratako jolasak daude. Egun hauetan, etxe askotan umeak eta gurasoak jolasean irudikatzen ditut: puzleak egiten, eskulanak egiten, asko pantailaren aurrean ordu asko pasatzen… Jolasean bai, baina pantailaren aurrean edota araututako jokoetan ari dira asko. Badira, baina, beste modu asko jolaserako, eta psikomotrizitatean aritzen garenok garrantzia handia ematen diogu jolas libreari edo espontaneoari.

Eta zer da jolas librea eta espontaneoa?

Betiko jolasak dira, baina gaur egun gutxiago jolasten dugu jolas horietan: harrapaketan, ezkutaketan, etxezka, otsozka, fantasiarekin zerikusia daukaten jolasetan… Jolas horietan arau zehatzik ez dago, eta ateratzen dena ateratzen da, eta hori da jolasa. Ondo pasatzen eta gozatzen dugu jolas horietan. Jolas libreak eragin zuzena daukate umeen garapen orokorrean eta alderdi askotan dira eraginkorrak: afektiboan, kognitiboan, sormenean, komunikazioan...  Horrez gain, jolas horiek aukera polita dira gurasoen eta seme-alaben artean harremana hobetzeko eta sendotzeko. Adinaren arabera ere desberdinak dira jolasak; zortzi hilabeteko edo urtebeteko umeekin kukuzka ibiliko zara, baina 6 urteko batekin ezkutaketan eta.

Orduan, jolastea ez da bakarrik umeen esku utzi behar, gurasoek haiekin jolastea garrantzitsua da.

Gertatzen dena da, ume izaera galdu egin dugula helduok, eta gehiago kostatzen zaigu jolas librean eta espontaneoan ibiltzea, urduri jartzen gara, eta umeen esku uzten dugu batik bat. Helduok erosoago ibiltzen gara jolas estrukturatuetan, helburu zehatz bat dutenetan. Baina etxean egon behar dugun honetan, gurasoak umeekin jolastera animatuko nituzke; baina ez helburu bat lortzeko xedearekin, gauza bat lantzeko helburuarekin. Jolastera animatuko nituzke ondo pasatzeko. Gainera, ondo pasatzen eta disfrutatzen ari bagara denborarekin eta kanpora ateratzearekin ahaztu egiten gara.

Jolastu bai, baina etxearen neurrira mugatutako espazioa da jolaserako dutena.

Hori horrela da, etxe barruan espazio mugatua dugu, baina etxeak aukera ematen du jolas librean eta espontaneoan ibiltzeko. Igoal, mugimendu gutxiagorekin ibiliko gara, baina aukera badago; etxean jolaserako espazio bat egokitzea nahikoa da. Gainera, etxean desordena pixka bat egoteak ez dauka garrantzia handiegirik, desorden horretan ere disfrutatu daiteke.

Baina etxean errutina bat edo orden bat izatea garrantzitsua dela esaten da.

Errutinak egon behar dira etxeetan, eta eguna estrukturatuta izan behar da, ados nago ni horretan. Baina etxe bakoitzeko dinamikan oinarrituta dagoen orden baten barruan egon behar du aurretik aipatzen nuen desorden horrek. Hau da, orden horren barruan jolas libreaz eta espontaneoaz disfrutatzeko momentuek ere egon behar dute; elkarrekin ondo pasatzeko eta gozatzeko.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide