Auzolanean eta saretuta

Maxixatzen.eus 2020ko mar. 19a, 10:00

Joan den igandean boluntario sarea martxan jarri zutenetik 70 lagun inguruk eman dute izena. Udalarekin, Gurutze Gorriarekin eta Caritasekin indartu dute orain boluntario sarea.

Joan den igandean jarri zuten abian etxetik irten ezinda dauden adinekoei eta arrisku taldeetako pertsonei erosketak egiteko laguntza zerbitzua. Herritar talde txiki batek jarri zuen abian ekimena, eta herritarrei dei egin zieten sarean parte hartzeko. Harrezkero, telefono dei ugari jaso dituzte, eta egun gutxiren buruan 70 laguneko zerrenda osatu dute. 27 urteko neska azkoitiar bat eta 33 urteko mutil azkoitiar bat dira zerrenda horretako bi lagun. Anonimotasuna mantendu nahi izan dute, izan ere, horrelako ekimenek ez dute aurpegirik intentzio onean egiten badira. Bikoteak azaldu duenez, auzo ezberdinetako “jende asko” elkartu da sarean. “Orokorrean, jende gazteak deitu du, baina adin eta profil anitzeko jendea bildu da taldean”, adierazi dute. Talde horren bueltan dabiltza irakasleak, ikasleak, gizarte hezitzaileak, apaizak, politikoak… 

Beste herri batzuetan hasitako ekimena Azkoitira ekarri zuen herritar taldeak. “Azkoitian beharrezkoa ikusi genuen horrelako sare bat martxan jartzea. Herritarren arteko lankidetza bultzatu nahi izan dugu larrialdi egoera honetan”, erantsi diote esaldiari. Ekimena abian jarri eta sarea gehiago saretu den heinean, hurrengo urratsa guztia koordinatzea izan da. “Une honetan boluntarioen izen ematea kudeatzen ari gara. Egoera berria da, eta oraindik ez dugu beharren eskaerarik jaso”, azaldu dute bi gazteek. Egin duten lehen zereginetako bat, ordea, herriko merkatari elkartearekin harremanetan jartzea izan zen. “Herrixen elkartearekin harremanetan jarri ginen, sare honen oinarria herria eta herrigintza izanik, ezinbestekoa delako gure merkatari txikiak inplikatzea”, dio bikoteak. Herrixen elkartea elkarlan honen berri ematekoa da, modu horretan, laguntza behar duten herritarrengana “lehenago” iritsiko direla uste baitute.

Boluntarioak babes neurriak hartuta ari dira lanean uneoro. “Protokolo bat garatu dugu beste herrietako neurriak eta osasuneko adituek emandako aholkuak jarraituz. Boluntarioaren eta zerbitzua behar duen pertsonaren arteko kontakturik ez dago, esaterako”, diote bi boluntarioek. Halaber, azaldu dute Azkoitiko Udala boluntario sarearekin harremanetan jarri dela. Elkarlana handitu egingo da orain, zerbitzua Azkoitiko Udalak, Gurutze Gorriak, Caritasek eta boluntario sareko kideek eskainiko baitute. 

Boluntario ibilbidea hasi baino egin ez duten arren, “behar adina” jarratzeko asmoa azaldu dute bi gazteek. “Horrelako ekimenekin sortutako herritarren arteko sareak gerora mantentzea garrantzitsua da, auzokoen artea elkar laguntzea eta komunitatea indartzea”, azpimarratu dute. Oraindik goiz da ondorioak ateratzeko, etxean egon beharko baitugu herritarrok beste pixka batean, baina argi ikusi dute “oraindik aldamenekoari laguntzeko prest dagoen herria” dugula Azkoitian. 

Sarea, itxi gabe

Joan den igandean hasitakoa ez da eten oraindik, sarea itxi gabe dago, beraz. auzolana.azkoitia@gmail.com helbide elektronikora idatzita parte har daiteke boluntario sarean. Halere, eta posible da, beharraren arabera Gurutze Gorrira bideratzea. Aldiz, boluntario sarearen laguntza jaso nahi duenak, 688 64 20 91 telefono zenbakira dei dezakete. Baita, Azkoitiko Udaleko Gizarte Ongizatearen 943-85 71 74, Gurutze Gorriaren 945-22 22 22 edota Caritaseko 688 66 27 33 telefono zenbakietara ere.     

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide