Koronabirusa Azkoitian

Beilatoki zerbitzua emango duten arren, ez beilatzea aholkatu dute

Hileta elizkizuna egin ala ez familia bakoitzarekin adostuko dutela adierazi du Felix Azurmendi parrokoak.

Iragan igandeaz geroztik, herritarrek ez daukate etxetik irteterik behar-beharrezko eginbeharretarako ez bada behintzat. Baina zer egin familiakoren bat edo gertukoren bat hiltzen den kasuetan? Gorpua beilatokira eramaterik ba ote dago? Eta ari ote dira hileta elizkizunak egiten?

Carmona ehorzketa zerbitzuaren arduradunen arabera, gomendagarriena da gorpua ez beilatzea. Dena dela, zerbitzua ematen jarraituko dute, hildakoa beilatzeko hautua egiten dutenentzat. Hori bai, zerbitzua erabiltzen dutenek koronabirusa zabaltzea saihesteko hartutako neurriak bete beharko dituzte. 

Beilatokiko gela bakoitzean ezingo dira aldi berean sei lagun baino gehiago egon, euren arteko tartea gutxienez metro batekoa izango dela bermatzeko. Gainera, beilatokira doazenak dagokien gelan bakarrik egon ahal izan dira, alegia, beilatokiko gainerako guneetan egotea saihestu beharko dutela, besteak beste, harreran, korriodorean, komunetan, eta abar. Ahal dela, beilatokiaren kanpoaldeko eremu irekian egoteko gomendioa eman dute Carmona ehorzketa zerbitzuaren arduradunek.

Horrez gain, birusa hedatzea ahalbidetu dezaketen agurrak saihesteko aholkatu dute, esaterako, eskua ematea, musuak, besarkadak, eta abar. “Horien ordez, bestearen sorbalda uki daiteke dolumina adierazteko”. 

Konfinamendua indarrean denetik, “jainkoari eskerrak”, Azkoitian inor ez dela hil adierazi du, berriz, Felix Azurmendi herriko parrokoak. Norbait hilko balitz, familia bakoitzarekin hitz egingo lukete zer egin adosteko. Parrokoaren hitzetan, “normalena izango da zuzenean kanposantura joatea eta elizkizuna atzeratzea, baina familiak hala nahiko balu, elizkizuna egin, egin liteke, baina zerbait txikia izan beharko du”. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide