Soraluzeko hilketa matxista salatzeko, lapiko jotzea

Maxixatzen.eus 2020ko mar. 18a, 12:30

Atzo, asteartea, herriko hainbat txokotan entzun ziren lapiko hotsak, Soraluzeko erailketa matxista gaitzesteko.

Koronabirusaren krisiaren erdian, bestelako albiste lazgarriak ere izan dira Euskal Herrian. Herenegun emakume bat hilda aurkitu zuten Soraluzen (Gipuzkoa), eta hilketa matxista hori salatzeko, herritarrak etxeko balkoietara atera ziren atzo, asteartea. Emakumeen Mundu Martxak lapiko jotzea gauzatzeko deia egin zuen 21:00etarako, eta asko izan ziren egitasmoarekin bat egin zuten herritarrak. Sostenipe talde feministaren deialdiarekin bat eginda, herriko hainbat eta hainbat leihotatik eta balkoitatik entzun ahal izan ziren lapiko hotsak. Maxixatzen.eus-ek herritarrek bidalitako irudiekin osatu du honako bideoa.

Emakume bat hilik aurkitu zuen Ertzaintzak astelehenean Soraluzen, eta haren semea atxilotu dute, ama hiltzea leporatuta. Gizonezkoak 33 urte ditu. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, 74 urteko emakumeak kolpe bat zuen aurpegian hilda aurkitu zutenean. Hilketa matxistaren gaineko informazio gehiago, Berria.eus-en.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide