Udalak Soraluzeko erahilketa matxista gaitzetsi du

Maxixatzen.eus 2020ko mar. 17a, 15:29

Azkoitiko Udalak bere gaitzespenik irmoena adierazi du atzo Soraluzen gertaturiko hilketa matxistaren aurrean. Ustez bere semeak erahil zuen emakumea.

Azkoitiko Udalak elkartasuna adierazi die Soraluzeko biktimaren senideei eta hurbilekoei. Halaber, gogorarazi du erakundeok eta euskal gizarte osoak "erantzukizuna" dutela gizon eta emakumeen arteko berdintasuna "eraginkor" egiteko.

Biktimentzat telefono bidezko arreta

Konfinamenduak indarkeria matxistaren biktimen aurkako erasoak areagotzeko "arriskua larriagotu" egiten duela azaldu du Azkoitiko Udalak. Egoera honen aurrean, Udalak gogorarazi du Emakumeen aurkako Indarkeriaren Biktimentzako Telefono bidezko Arreta zerbitzua 24 orduz eta urteko egun guztietan ematen dela. Laguntza behar duenak 900 840 111 telefonora dei dezake. Azaldu dutenez, gainera, zenbaki horrek ez du telefono fakturan eraginik.

Bestalde, udalak gogorarazi du isolamendu egoeran erasotzaileekin etxean sartuta dauden emakumeek laguntza eta arreta eska dezaketela Gizarte Zerbitzuetako 943 85 71 74 telefono zenbakira deituta, 08:00etatik 15:00etara, astelehenetik ostiralera.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide