Babes neurriak areagotu dituzte enpresetan, langileen segurtasuna bermatzeko

Maxixatzen.eus 2020ko mar. 16a, 19:12

Alerta egoeraren barruan, langileak beren lanpostuetara joateko baimena eman du Espainiako Gobernuak. Enpresetan lanean ari dira, baina langileen segurtasuna bermatzeko babes neurriak areagotu dituzte.

Azkoitiko enpresetan ere eragina izan du koronabirusaren pandemiari aurre egiteko Espainiako Gobernuak ezarritako alerta egoerak, eta lantegietan hainbat neurri hartu dituzte langileen segurtasuna babesteko. Lanpostuetara joateko etxetik irteteko baimena eman du Espainiako Gobernuak, eta enpresa gehienek lanean jarraitzen dute.

Enpresetan, aukera duten langileek etxetik lan egitea ahalbidetzeko neurriak hartzen hasi dira, eta kasu batzuetan, horretarako baliabideak ere jarri dizkiete langileei. Egoera une batetik bestera aldatzen ari dela-eta unean uneko babes neurriak eta erabakiak hartzen ari direla aitortu dute hainbat enpresatan.

Zubiola kooperatiban, langile guztiei babes neurriak hartzeko eskatu diete, eta neurri horien inguruko informazioa helarazi diete. Horrez gain, kanpoko bisita guztiak debekatu egin dituzte, "materiala ekartzen dutenak lantegira sartzeko aukera izango dute, baina bisita komertzialak bertan behera utzi ditugu", adierazi dio Maxixatzeni Pello Andrinua Zubiolako koordinatzaileak. Langile bakoitzari eskuak garbitzeko likidoa banatu diete, eta behargin batetik besterako tartea errespetatzeko neurriak hartu dituzte. Ahalik eta langile gehienek etxetik lan egiteko sistema moldatzen ari dira Zubiolan: "Hala ere, dagoeneko batzuk etxetik ari dira lanean". Frantziarako bi eskari «garrantzitsu» ditu Zubiolak, eta horiei aurre egiteko ari dira egun hauetan lanean.

Ibarmian ere lanean segitzen dute, baina bi txandatan banatuta egiten dute lan. Horrez gain, etxetik laneko arropa jantzita joateko eskatu diete langileei, eta haien sartu-irtenak ordu laurdeneko tartearekin egiten ari dira. Eskuak garbitzeko likidoa ere jarri dute langileen eskura. Ibarmian ere ahal duten langileek etxetik lan egiteko baliabideak jartzen ari dira.

Sindikatuen argibideak

Alarma egoerak langileei sor dakizkiekeen zalantzak argitzeko helburuarekin, hainbat argibide eman dituzte ELA eta LAB sindikatuek.

Bi sindikatuen arabera, enpresariek betebeharra dute langileak koronabirusaren aurrean babesteko eta lanpostu bakoitzerako prebentzio neurri egokiak hartzeko. Nabarmendu dute ahal den lan guztia etxetik bideratu behar dela, eta aurrez aurreko harremanak soilik ezinbestekoa den kasuetara mugatu behar direla. Langileek lantokira joan behar duten kasuetan, jendearen pilaketak “bai ala bai” saihestu behar direla nabarmendu dute, gainera.

Lanaren izaerarengatik pentsonatik pertsonarako gutxieneko tarteak gordetzea ezinezkoa balitz, “babes neurri indibidualizatuak” exijitu behar dituzte langileek, besteak beste, osasungintzan eta zahar etxeetan. Horrez gain, “bereziki sentiberak diren pertsonak —arnas-aparatuko edo bihotzeko gaixotasunak dauzkatenak, haurdun dauden emakumeak edo hauekin harremanetan dauden pertsonak—” zaintzearen garrantzia azpimarratu du ELA sindikatuak, enpresei “exijituz” langile horiek etxean geratu ahal izatea. Neurri horiek betetzen ez diren kasuan, lana geldiarazteko prozedura hasi beharko litzatekeela adierazi du sindikatu horrek.

Zaintza betebeharrengatik lanera joan ezin duten langileei enpresek erraztasunak eman behar lizkiekeela uste dute bi sindikatuek. Kasu horietan, behar besteraezinengatik ordaindutako baimena jasotzea ahalbidetzen duen LE 37.3.D artikulua ezartzeko aukera dagoela gogorazi du LABek.

Enpresak ekoizpena eten eta langileak etxera bidaltzea erabakitzen duen kasuetan edo lanaldia moldatzea erabakitzen dutenetan baldintza guztiak argi eta idatziz jasota uzteko aholkatu dute bi sindikatuek. Oporralditik egunik kentzerik ere ez onartzeko esan diete langileei.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide