Kirol klub gehienen jarduera eta eskola kirola etenda geldituko dira Azkoitian

Maxixatzen.eus 2020ko mar. 12a, 15:22

Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta kirol federazioen neurriak eta gomendioak jarraituta, lehiaketak ez ezik entrenamenduak ere bertan behera utzi dituzte, besteak beste, Anaitasunak, Iraurgik, Oteizak eta Zubiaurrek.

Koronabirus gaitza saihesteko neurriak hartu dituzte kirol arloan ere. Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren jarraibideak betez, hainbat jarduera bertan behera gelditu dira. Eskola kirola bihartik aurrera bertan behera geldituko dela jakinarazi du Foru Aldundiak, entremamenduak barne. Euskadiko eta Gipuzkoako Futbol Federazioek ere datozen jardunaldiak bertan behera utzi dituzte. Ondorioz, Anaitasuna futbol taldeko kideek ez dute entrenamendurik eta partidarik izango datozen hamabost egunetan.

Espainiako eta Euskadiko Saskibaloi Federazioen aginduz, Iraurgi Saskibaloia klubeko talde guztien partidak eta entrenamendu denak ere bertan behera gelditu dira. Gauza bera gertatu da pilotan ere. Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioaren eskumeneko lurralde mailako txapelketa guztiak bertan behera gelditu dira. Oteiza Pilota Kirol Elkarteko pilotarien entrenamenduak bertan behera gelditu dira, baita Atano III.a pilota txapelketa ere. Zubiaurre Igeri Elkarteak ere eguerdian eman du berria, eta elkarteak bertan behera utzi ditu ekintza guztiak. Gimnastika erritmikoko ikasleen eta Txerloia tenis klubeko ikasleen entrenamenduak ere eten egin dituzte. Eskola Kirola ere bertan behera gelditu da. Elkargunea ixteko erabakirik ez da hartu momentuz, eta irekita jarraitzen du.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide