Koronabirusa saihesteko neurriak hartzen hasi dira Azkoitian

Maxixatzen.eus 2020ko mar. 11a, 12:07

Atzora arte emandako datuen arabera, Azkoitian ez dute koronabirus kasurik atzeman. Dena den, hainbat eremutan hasi dira dagoeneko birusa saihesteko neurriak hartzen. Besteak beste, San Jose egoitzan pertsona bakar baten bisita jaso ahal izango dute egoiliarrek, egunean ordubetez. Kirol partidetan ere izango du eraginik, eta enpresetan eta ikastetxeetan neurriak hartzen hasi dira. 

Koronabirusa bezala ezagutzen den pandemiak mundua hankaz gora jarri du, 2019ko abenduan Txinako Wuhan hirian lehendabizikoz antzeman zutenetik. SARS-CoV-2 birusak edo Wuhango koronabirusak Txinako mugak zeharkatu ditu, eta hilabete gutxiren epean mundu osora hedatu da. Birus horrek COVID-19 gaixotasuna eragiten du gizakiengan, eta gaur egun, 114.000 kasu inguru antzeman dituzte munduan. 3.600 hildakotik gora eragin ditu, horietatik gehienak Txinan bertan, baina gogor astindu ditu Iran edota Italia.

Hego Euskal Herrira ere iritsi da gaixotasuna. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak atzo eguerdian emandako datuen arabera, 300 pertsona baino gehiago kutsatu dira Euskal Herrian, eta horietatik zazpi hil dira. Nafarroan, COVID-19aren kasuak bikoiztu egin dira egun bakarrean, 46 dira orain. Araba da kutsatu gehien dauden lurraldea, eta Gasteizen nahiz Bastidan ikastetxeak nahiz unibertsitateak itxi dituzte. Gaur-gaurkoz, martxoaren 23ra arte izango da neurri hori indarrean. Oraingoz, Ipar Euskal Herrian ez dute kasurik antzeman. Maxixatzen.eus-ek baieztatu ahal izan duenez, gainera, Azkoitian ez zuten atzora arte koronabirus kasurik detektatu.

Hainbat neurri herrian

Gaixotasunak adinekoengan eta aurretik patologia jakin batzuk dituzten pertsonengan eragiten du gehien. Hori dela eta, adinekoen egoitzetan eta eguneko zentroetan neurriak hartu dituzte dagoeneko. Azkoitiko San Jose egoitzan, esaterako, pertsona bakar baten bisitak jasoko dituzte egoiliarrek egunean ordubetez. Gainera, bestelako jakinarazpenik eman bitartean, beti pertsona berak joan ahal izango du egoiliarra bisitatzera. Egoitzara sartzerakoan tenperatura hartzen zaie bisitariei, eta horiek eskuak garbitu behar izaten dituzte gunera sartzerakoan nahiz irteterakoan. Bestalde, Azkoitiko Udaleko Ongizate Sailak antolatu zuen erorikoak prebenitzeko tailerra ere bertan behera gelditu da. 

Bestalde, pertsona kopuru handiak biltzen dituzten ekintzen gaineko erabakiak ere hartu ditu Espainiako Gobernuak. Besteak beste, futboleko nahiz saskibaloiko hainbat jardunaldi ateak itxita jokatuko dituzte kirol taldeek. Neurri horrek eragina du Espainiako kirol lehietan aritzen diren Azkoitiko taldeetan, hala nola ISBko nesken lehen taldearen jardunean. Iraurgi Saskibaloi Taldeak jakinarazi duenez, Añares Rioja ISBk ateak itxita jokatuko du igandeko ligako partida. Azkoitiko Elkargunean izango da Emakumeen Bigarren Ligako neurketa, eta Espainiako Saskibaloi Federazioaren aginduz ez da zalerik izango harmailetan. Dena den, partida streaming bidez emango dutela jakinarazi du ISBk. Euskadiko Futbol Federakundeak, bestalde, bere eskumenaren menpe dauden txapelketa guztietako partidak bertan behera uztea erabaki du. Ondorioz, Anaitasunako Emakumezkoen Euskal Ligako taldearen partidak bertan behera gelditu federazioak informazio gehiago eman arte. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia ere egin ala ez gaur gauean erabakiko dute

Eliza ere hasi da neurri zehatz batzuk hartzen. Gipuzkoako Bikaritzak ohar bat helarazi zien elizbarrutiko parrokiei larunbatean, eta Felix Azurmendi Azkoitiko erretoreak Maxixatzeni adierazi dionez, Azkoitiko parrokian ere zenbait neurri hartu dituzte. Hain zuzen ere, elizaren sarrerako ur bedeinkatua kendu dute, bakea ematerakoan eskurik ez erabiltzeko gomendioa egin dute eta jaunartzean ostia ahora eraman beharrean eskura ematea eskatu diete eliztarrei. Halaber, jauna ematen duten eliztarrei jauna eman aurretik eta ondoren eskuak garbitzeko eskatu diete.

Osakidetzak, gainera, hainbat gomendio eman ditu. Hezkuntzari lotuta, komenigarria da haurrei tenperatura hartzea ikastetxeetara joan aurretik. 37 gradu baino gehiago badituzte eta arnas sintomak badituzte, etxean egon beharko dute. Horri lotuta, herriko eskolak ere hasi dira neurriak hartzen. Xabier Munibe Ikastolan eta Floreaga Ikastetxean, esaterako, Hezkuntzak helarazitako jarraibideak ari dira jarraitzen: kartelak jarri dituzte eskoletan eta eskuorriak banatu dituzte. Xaboiaren eta paperaren kopurua handitu dute, eskuak sarriago garbitzeko. Ikastolan, gainera, martxoko irteera guztiak bertan behera utzi dituzte. Horrez gain, Izarraitz Lanbide Heziketan, bilerak egiteko neurri bereziak ari dira hartzen; gela txikien ordez areto handiagoak ari dira erabiltzen, pertsonen arteko distantzia handiagoa izan dadin. Lanbide Heziketak eskaintzen duen Mendekotasun Egoeran Dauden Pertsonentzako Arreta Zikloan, berriz, koronabirusaren gaia eguneroko edukietara txertatu dute. Azkoitia BHI ikastetxea, bere aldetik, Hezkuntza Sailetik eta osasun zerbitzuetatik ezarritako protokoloak ari da jarraitzen. 

Enpresetan ere ari da eragiten koronabirusa. Sammic lantegian, adibidez, beharginen arteko kontaktua ahalik eta txikiena izan dadin, aldaketak egin dituzte. Sammic-eko ordezkari batek Maxixatzeni adierazi dionez, besteak beste, langile gehienak erreleboan hasi dira lanean, bi erreleboen aldaketan langileek kontakturik ez izateko neurriak hartu dituzte, sail bakoitzak bere komunak erabiliko ditu... "Helburua da langileek elkarrekin ahalik eta kontaktu gutxiena izatea", azaldu du Sammic-eko ordezkariak.

Nerea Iriarte: "Maskarillen eta gel antiseptikoen itxaron zerrenda dugu botikan"

Nerea Iriarte azpeitiarrak Azkoitiko botika batean egiten du lan. Urola Kostako Hitzak harekin hitz egin du; izan ere, botika horretan maskarilla eta gel antiseptikoen eskaerekin itxaron zerrendak sortu zaizkie.

Maskarillentzako itxaron zerrenda dute ia botika guztietan, baita zuk lan egiten duzunean ere. Noiz hasi zen jendea maskarillak eskatzen?

Otsailaren hasieran. Batez ere, asko bidaiatzen zuen jendea hasi zitzaigun eskatzen, aireportuetan-eta ikusi zutelako jende askok erabiltzen zituela. Gaixotasunen bat dutenei edo defentsak baxu dauzkatenei ere gomendatu zieten maskarilla erabiltzea, eta haiek ere eskatu zizkiguten. Baina orain ja mundu guztia etortzen da maskarillak eskatzera. Berehala biltegietan maskarillarik gabe gelditu ziren, eta zerrenda bat egin genuen maskarillak eskatzen zizkigutenekin; geu ere biltegien itxaron zerrendan gaude, eta bakar batzuk iritsi zaizkigu, baina oso-oso gutxi. Maskarillenaz gain, gel antiseptikoen itxaron zerrenda ere badugu.

Zertarako balio du maskarillak?

Filtro berezi bat daukaten maskarillak dira eraginkorrenak, baina horiek infektatuta daudenei edo osasun arloan lan egiten dutenei gomendatzen dizkiete. Birusa eztul edo doministiku bidez edo hitz egiterakoan soltatzen diren tantatxoetan egon ohi da, eta beraz, bi pertsonak gertu egon behar dute elkar kutsatzeko. Tanta horiek beste pertsonarengana iristen ez badira, parean dauden materialetara erortzen dira: mahaira, oihaletara… Horiek eskuekin ukitzeko arrisku handia dago, eta kutsatu egin gaitezke. Horregatik, neurri eraginkorrena eskuak garbi mantentzea da. Paperezko musuzapiak erabiltzea eta doministiku egiterakoan ukondoa jartzea ere gomendatzen dute.

Alarma egoera nabaritzen al duzu?

Bai, baina hori baino gehiago, nahasmen handia dago. Oso handi gelditzen diren gauzak ari gara entzuten: heriotzak daude tartean, eskolak eta unibertsitateak ixten ari dira… Jendeak ez daki nola jokatu horren aurrean. Nahasmen eta beldur handia dago etor daitekeenaz.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide