Trafiko istripuen inguruko lekukotza zuzenak entzun dituzte Azkoitia BHIko ikasleek

Maxixatzen.eus 2020ko mar. 10a, 16:07

Mikel Saldias Azkoitiko udaltzainak, Ibon Errazu suhiltzaileak eta Alaitz Arbilla bizkarrezur-muineko lesioa duen iruindarrak hitz egin dute ikasleen aurrean.

Gaur, asteartea, Don´t be Dummy, zuk ez duzu ordezkorik bide-hezkuntza programa aurkeztu du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, Baztartxo antzokian. 13:30ean hasi da saioa, eta Azkoitia BHI ikastetxeko 240 ikaslek eta irakaslek parte hartu dute. Kanpaina ibiltariaren helburua trafiko istripuak prebenitzea da.

Don’t be Dummy! istripuak prebenitzeko sortutako ekimen ibiltaria da eta 15 eta 20 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago. Aurkezpenean zehar hainbat datu eman dituzte. 2018an, esaterako, egunean 28 istripu erregistratu ziren Euskadin, eta 42 lagun hil ziren, haietatik 8, oinezkoak. Abiadura da Euskadin izandako heriotza istripu laurdenetan arrazoi nagusia. Halaber, trafiko istripua da gazteen artean heriotza arrazoi nagusietako bat. Azaldu dutenez, Espainiako estatuan astero hiru gazte hiltzen dira errepidean. 25 urtetik beherako 2.603 gazte trafiko istripu batean nahastuta izan ziren.

Horrez gain, autoan mugikorrarekin ibiltzea zeinen arriskutsua den ere azaldu dute. Jakinarazi dutenez, gidatu bitartean mezu bat idazteak %23 biderkatzen du istripu larri bat izateko arriskua. Gazteen %43k, Whatsapp aplikazioa erabiltzen du gidatzen duen bitartean.

Lekukotza zuzenak

Mikel Saldias Azkoitiko udaltzainak, Ibon Errazu suhiltzaileak eta bizkarrezur-muineko lesioa duen Alaitz Arbillak hainbat testigantza kontatu dituzte aurkezpen ekitaldian. "Jendeak uste du isunak jartzeko gaudela bakarrik, baina egoera gogorrak tokatzen zaizkigu. Errepidea ez da jolasa. Edonork izan dezake hutsegite bat, baina alkohola edo droga kontsumituta kotxea hartzea edo ez hartzea bakoitzaren erabakia da", esan du udaltzainak.

Ibon Errazu suhiltzaileak ere oroitzapenean itsatsita geratu zaion lau gazteren istripu bat ekarri du gogora. Lau gazte haietatik hiru hilik zeuden istripua gertatu zen tokira iritsi zirenerako. Gogoan du Errazuk lankide batek esan ziona: "Auto barruan lau gazte zeudek, eta ez dik inork erantzuten", azaldu du Errazuk. 

Alaitz Arbilla iruindarrak, berriz, lau urte zituela amarekin autoan eskolara zihoala izan zuen istripua. Amak zigarro bat erre nahi zuela eta hartan hasi zen; burua altxatzerako kamioi baten kontra jo zuten.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide