Batukada feminista eta bertso saioa, Emakumeen Nazioarteko Eguna borobiltzeko

Maxixatzen.eus 2020ko mar. 9a, 19:19

Batukada feministak herriko kaleak alaitu ditu gaur, astelehena, Emakumeen Nazioarteko Egunaren osteko egunean. Bestalde, bertso saioa izan da Kontzejupean, eta Eneritz Artetxe, Julene Iturbe eta Naia Arrizabalaga aritu dira kantuan.

Martxoaren 8ak irudi koloretsuak utzi zituen atzo, igandea, Azkoitian, eta gaurkoan ere feminismoaren aldeko doinuak eta errimak entzun ahal izan dira herrian. Izan ere, Azkoitiko Udalak antolatuta batukada feminista izan da herriko kaleetan zehar. Elkargunetik abiatu dira hainbat emakume musika tresnekin, eta handik plazaraino egin dute kalejira.

Bestalde, Azkoitiko emakume bertsolariekin bertso saioa izan da Kontzejupean. Silvia Etxanizek gidatu du saioa, eta Eneritz Artetxe, Julene Iturbe eta Naia Arrizabalaga aritu dira kantuan. Alde batetik, Martxoaren 8a berentzat zer den galdetu die Etxanizek hiru bertsolariei, eta galderari erantzunez bertso bana kantatu dute Artetxek, Arrizabalagak eta Iturbek. Bestetik, kirola eta koronoabirusa gaitzat hartuta beste hainbat bertso abestu dute azkoitiarrek. Erniarraitz bertso eskolako hainbat gaztetxeko ere igo da agertokira, eta hainbat puntu jarri dizkiete horiek bertsolariei bertsoa botatzeko.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide