Martxoak 8 - 2020

Borroka feministaren aldeko aldarriak ozen entzun dira kalean M8an

Maxixatzen.eus 2020ko mar. 8a, 14:22

Kafe tertulia, manifestazio zaratatsua eta elkarretaratzea egin dituzte goizetik eguerdira Azkoitian. Azken hori izan da ekitaldirik jendetsuena.

Grebarik ez da izan aurten Emakumeen Nazioarteko Egunean, baina azken urteetakoak bezain jendetsuak ez izan arren, mobilizazioak eta aldarriak ez dira falta izan Martxoaren 8an Azkoitiko kaleetan.

Sostenipe talde feministak deituta, kafe tertuliarekin hasi dute eguna Azkoitiko feministek herriko plazan. Hitzordu horren amaieran, eguerdirako iragarria zegoen kazerolada-manifestazioari ekin aurretik, gaurkorako prestatuta zuten antzezlan txiki bat eskaini du ume talde batek plazako tranpaldoan, plazan elkartutakoen txalo artean.

Eguerdian abiatu da manifestazio zaratatsua plazatik. Kalez kale ibili da hainbat herritar, borroka feministaren aldeko aldarriak ozen eta umoretsu zabalduz, plazara itzuli arte. Han egin dute gaurko elkarretaratzea, eguneko ekitaldirik jendetsuena. Sostenipeko kideek gaurkorako prestatu duten adierazpena irakurrita, txalo artean bukatu dituzte M8aren Azkoitiko aurtengo ekitaldiak.

Sosteniperen adierazpena

Hau da, osorik, Sosteniperen kideek elkarretaratzearen amaieran irakurri duten adierazpena:

"Aurtengo Martxoaren 8an ere hemen gaituzue, kaleak betetzen. Duela urtebete bezala, borroka feminista beharrezkoa da oraindik. Indartsu gaude eta argi eta ozen esango dugu: jendarte eredu hau bizigaitza da pertsona gehienontzat, batez ere emakume eta genero disidenteontzat, eta jasanezina planetarentzat.

Aurreko bi urteetan mobilizatzeko eta antolatzeko gaitasuna erakutsi dugu greba feministetan. Are gehiago, grebaren kontzeptua birdefinitzea lortu dugu, gehienbat emakumeek egin ohi dituzten doako lanak barne biltzen dituen eredua asmatzeraino. Alabaina, greba tresna arrakastatsua izanagatik ere, aurten ez erabiltzea erabaki du mugimendu feministak eta erabaki hau, gure aldetik ezintasun edo su-eten baten gisara erakutsi nahi izan dute batzuek. Baina ez da horrelakorik. Esan bezala, borroka feminista beharrezkoa da oraindik eta horregatik joan ginen Hego Euskal Herrian urtarrilaren 30ean greba orokorrera.

Emakumeen autoantolaketa ezinbestekoa dugu beste eredu sozial eta produktibo bat eraikitzeko. Neoliberalismoak hain eragin handia duen mundu honetan, indibidualismo basati eta atomizatua sustatzen duen mundu honetan, komunitate feminista konprometitua eraiki behar dugu, sare sozialek eragiten duten pasibotasuna gaindituz.

Bizi garen eredu neoliberal basati honek mugarik gabe kontsumitu dezakegula diosku, horretarako pertsonak eta lurraldeak esplotatuz. Guk ez dugu horrelakorik onartuko, ez dugu inolaz ere nahi munduko beste leku batzuetan eta gure inguruan emakumeak esplotatzen dituen eredurik. Eredu neoliberalak berekin dakartza hondamendi ekologikoa, gerrak zein erabakitzeko eskubidearen ukazioa. Pertsonak euren etxeak uztera behartzen ditu, hesi arantzatuak gurutzatu eta heriotza-politikekin ongietorria emanaz.

Gure feminismoak ez du eredu arrazista eta xenofobo hau onartzen. Aurrean izango gaituzue, ez dira pasatuko! Gure feminismoa antiarrazista da! Antikapitalista! Antifaxista! Gure feminismoak eredu zurrunetan eta errealitatetik urrun itotzen gaituen gorputzen merkantilizazioa eta binarismoa borrokatzen ditu, norberaren gorputzerako eskubidea, sexu- eta ugalketa- eskubideak, aniztasuna eta sexu-askatasuna defendatuz.

Arrazoi horiengatik guztiengatik, martxoaren 8 honetan ere borrokan gaude! Emakumeok* asko, askeak eta anitzak gara. Elkartuta eta antolatuta geldiezinak gara! Aurrean izango gaituzue!

Gora borroka feminista!".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide