Txurro dendaren sutean hildakoen gertukoei doluminak adierazi eta herritarrei eta hedabideei errespetuz jarduteko eskatu diete udal taldeek

Maxixatzen.eus 2020ko mar. 7a, 12:22

Azkoitiko Udalean ordezkatuta dauden lau talde politikoen (EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta Azkoitia Bai) izenean plazaratu dute adierazpena gaur.

Azkoitiko Udaleko EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Azkoitia Baik adierazpen bateratua plazaratu dute gaur eguerdian, atzoko txurro dendaren sutearen eta han hildako bi pertsonen gainean. Hildakoen gertukoei doluminak adieraztearekin batera, herritarrei zein hedabideei tentuz eta errespetuz aritzeko dei egin diete udal ordezkariek

Hau da adierazpena, osorik:

"Atzo arratsaldean Ibaiondo kalean zegoen txurro dendak su hartu zuen eta bertan bi pertsonaren gorpuak agertu ziren. Gertaera latz horren aurrean, Azkoitiko Udaleko EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta Azkoitia Bairen izenean gure doluminak bidali nahi dizkiegu hildako gazteen familiei eta gertukoei momentu gogor honetan.

Bestalde, zurrumurruak alde batera uzteko deia egin nahi diegu herritarrei, eta iturri ofizialen zain egoteko, edonolako informazioa zabaltzen hasi aurretik.

Azkenik, komunikabideei jazotakoaren inguruan errespetuz jarduteko eskatu nahi diegu, sentsazionalismoa alde batera utziz".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide