Idiakez Ederra eraikinean etxeak eraikitzeko lanak lizitaziora atera ditu Visesak

Maxixatzen.eus 2020ko mar. 6a, 16:44
Idiakez Ederra eraikina. (Argazkia: Udala)

Apirilaren 22ra arte proposamenak egiteko aukera izango da. Lanek 2.674.104,76 (BEZ barne) euroko oinarrizko aurrekontua dute eta 24 hilabeteko exekuzio epea. Azkoitiko Udalak "oso berri ona" dela azaldu du etxeak eraikitzeko lanak Visesak lizitaziora atera izana.

Visesa sozietate publikoak Idiakez Ederra (Nagusia 80) eraikinean egingo diren babestutako hamasei etxebizitzen eraikitze lanak lizitaziora atera ditu. Gaur argitaratu da iragarkia Euskadiko kontratazio publikoaren webgunean. Proposamenak aurkezteko epea apirilaren 22ra arte luzatuko da. Lanek 2.674.104,76 (BEZ barne) euroko oinarrizko aurrekontua dute eta 24 hilabeteko exekuzio epea. Azkoitiko Udalak azaldu duenez, Visesaren asmoa aurten obrak esleitzea eta lanak hastea da, eta etxeak 2023 amaieran entregatzea.

Azkoitiko Udalak azaldu du, "ahalegin, denbora eta kostu gehien" eskatu dien proiektuetako bat dela Idiakez Ederra eraikinekoa. "Hasieratik —dio Javier Zubizarreta alkateak— izan da oso zaila. Egindako urrats bakoitzak arnasa eman digu eta bagoaz aurrera, baina ez Udalak nahiko lukeen erritmoan. Finantzazio iturriak bilatzeak ere bere denbora eman du; ezin dugu ahaztu babestutako etxebizitzez ari garela hitz egiten. Erakundeak, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza laguntzen ari dira", adierazi du alkateak.

Javier Zubizarreta alkatearentzat "oso albiste ona" da Visesak eraikitze lanak lizitaziora atera izana. "Buru-belarri gaude proiektuan sartuta, eta herritarrei pazientzia eskatzen diegu denbora behar delako denerako; halere, pixkanaka aurrera doa Idiakez Ederra". Aurreikuspenak betetzen badira, aurten hasiko dira obrak. udalak azaldu du "oraingoz" ez dagoela aurreikuspenak beteko ez direla pentsatzeko "arrazoirik".

Prozesu "luzea"

Udalak Idiakez Ederra eraikinaren inguruan hartutako lehen erabakia aldamioen erosketa izan zen. Udalak, ordura arte, 6.027 euro ordaintzen zuen hilero aldamioengatik. "Egoera guztiz blokeatuta zegoen eta huraxe izan zen abiapuntua 2015ean", azaldu dute Udaletik. Hori egin ondoren, eraikinaren jabeekin harremanetan jarri zen udala eta negoziazioa hasi zuten, eraikinaren jabetza Udalari eman ziezazioten. 2016ko irailean sinatu zen Udalaren eta etxejabeen arteko akordioa.

Hilabete geroago, 2016ko urrian, Visesaren Administrazio Kontseiluak Idiakez Ederra eraikinean —XVII mendeko mudejar estiloko jauregia—, etxeak eraikitzea onartu zuen. Hurrengo fasea hondakinak ateratzea izan zen. "Lan neketsua" eta "konplexua" izan zela adierazi dute Udaletik; 408 tona hondakin bildu zituzten.

2018ko maiatzean, Udalak eta Visesak kronograma bat ezarri zuten, eta urtea bukatu aurretik egurrezko ondarearen zaharberritzean espezializatuta dauden Alazne Ochandianok eta Mikel Landa arkitektoek egindako proiektua aurkeztu zuten jendaurrean. Etxebizitzen barrukaldea eta banaketa nolakoak izango diren erakutsi zuten.

Orain dela aste batzuk, Visesak inkesta egin zuen Idiakez Ederran etxea erosteko interesa izan dezaketen pertsonen profila eta eskaria ezagutzeko. Azkoitiko Udaletik azaldu dute lanak lizitaziora aterata "beste urrats garrantzitsu bat" eman dela.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide