Martxoak 8 - 2020

Martxoaren 8ko pankartak egin dituzte herriko ikastetxeetako ikasleek

Maxixatzen.eus 2020ko mar. 6a, 12:08

Datorren igandean, Emakumeen Nazioarteko Eguna izango da Azkoitian nahiz mundu osoan zehar, eta herriko ikastetxeek Martxoaren 8ko pankartak egin dituzte beren zentroetan. Gaur, ostirala, zintzilikatu dituzte kartelak udaletxean.

Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, hainbat ekitaldi izango da egunotan Azkoitian, eta herriko ikastetxeek ere emakumeen aldeko aldarriarekin bat egin dute gaur, ostirala, Kontzejupean. Izan ere, Bizilore Eskola Aktiboko, Xabier Munibe Ikastolako, Floreaga Ikastetxeko, Azkoitia BHIko eta Izarraitz Lanbide Heziketako ikasleek Martxoaren 8ko pankartak egin dituzte indarkeria matxistaren aurkako aldarriekin. Pankarta horiek udaletxeko balkoian zintzilikatu dituzte.

Mertxe Zubillaga Azkoitiko Udaleko berdintasun zinegotziak eskerrak eman dizkie ikastetxeetako ordezkariei Martxoaren 8ko aldarriarekin bat egiteagatik, eta urte osoan zehar eskoletan berdintasuna lantzen jarraitzeko eskatu die gazteei.

Bestalde, arratsaldean Artxamendi topalekuko gazteek mural bat margotuko dute, Azkoitia BHI zentroaren parean, saihesbide azpiko horman. Horrez gain, datozen egunetarako beste hainbat ekintza antolatu dute herriko eragileek.

Hona hemen egitaraua:

Martxoak 7, larunbata. 17:00etan, Artxamendi Topalekuan, Girlhood, Banda de Chicas filma eskainiko dute.

Martxoak 8, igandea. Sostenipe talde feministak antolatuta.

  • 10:00. Juntadizoa eta kafe tertulia.
  • 12:00. Kazerolada.
  • 12:30. Elkarretaratzea.
  • 13:30. Bazkari autogestionatua.
  • 16:15. Donostiako manifestaziora autobusa, liburutegi aurretik irtenda. Autobuserako izena emateko: zakela, Etxe Aitz eta Galipan tabernetan edota sostenipe@hotmail.com helbidera idatzita.
  • 18:00. Donostian, manifestazioa.

Martxoak 9, astelehena. 18:00etan hasita, Batukada Feministaren kalejira, Elkargunetik herriko plazara. Ondoren, Erniarraitz bertsozale elkarteko emakume bertsolariek bertso saioa eskainiko dute, plazan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide