Txikia IV.ak Urrezko Aizkolarien Binakako Txapelketako finala jokatuko du zapatuan, Azpeitian

Maxixatzen.eus 2020ko mar. 5a, 17:15
Julen Alberdi zutikako enborra mozten, iazko finalean. (Argazkia: Ibon Errazu)

Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan jokatuko du finala Ugaitz Mugertza aizkolari mutrikuarrarekin batera, 18:30etik aurrera.

Julen Alberdi Txikia IV.ak Urrezko Aizkolarien Binakako Txapelketako finala jokatuko du etzi, zapatua, Azpeitiko Izarraitz Pilotalekuan. 18:30etik aurrera, Ugaitz Mugertza aizkolari mutrikuarrarekin txapela lortzen saiatuko da. Alde batetik, Jesus Mari Mujikak eta Iker Vicentek osatutako bikotea izango dute aurka, eta bestetik, Mikel Larrañaga eta Jon Rekondo. 

Finala pare-parean hasiko da; izan ere, bikote baten aurka irabazi eta bestearen aurka galdu egin dute finaleko hiru bikoteek txapelketan zehar. Txikiak eta Mugertzak Vicente eta Mujika garaitu zituzten, baina galdu egin zuten Larrañagaren eta Rekondoren aurka. Larrañagak eta Rekondok, aldiz, Txikiari eta Mugertzari irabazi zieten, baina galdu egin zuten Vicentek eta Mujikak osatutako bikotearen aurka; Vicentek eta Mujikak, bestalde, Larrañagari eta Rekondori irabazi zieten, baina galdu egin zuten aizkolari azkoitiarraren eta Mugertzaren aurka.

Txikia finalerako prest

Julen Alberdi Txikia IV.a aizkolari azkoitiarra "gustura" da azken asteetan egindako entrenamenduekin. "Finalerako egur gehiago mozten aritu gara; bereziki amaierako erresistentzia lana ere gehiago landu behar delako", adierazi du azkoitiarrak. Txapelketa galduta hasi zuten Txikiak eta Mugertzak. "Elkarrekin lan saio bat eginda hasi genuen txapelketa, eta ni beste final batetik atera berri nintzen. Nekatuta aurkitzen nuen gorputza orduan", gehitu du aizkolariak. Txapelketak aurrera egin ahala, ordea, "hobetu" egin direla aitortu du azkoitiarrak.

Alberdik final "estua" espero du. "Bikote bakoitzak bere lana egiten badu eta egurrak antzekoak badira, segundo gutxiko kontua izango da. Hasierako lanetan denbora gutxi galdu behar dugu, eta bukaerara indarrarekin iritsi, amaierako lana baita luzeena", azaldu du Txikiak.

Egin beharreko lana

Txapelketan baino lan gehiago egin beharko dute finalean hiru bikoteek. Hasteko, bikoteko aizkolari batek 45 ontzako egur bat ebaki beharko du erlojuaren aurkako proban. Bigarren lanean, zutikako kanaerdiko enbor bat txanda librean moztu beharko dute. Segidan, 65 ontzako egur bat ebaki beharko dute bi aizkolariek. Gero, bikoteko partaide batek 45 ontzako enborra ebaki beharko du lehenik, eta hori moztutakoan haren bikotekidea etzandako kanaerdikoarekin hasiko da. Azken lana izango dute gogorrena. Lau kanaerdiko, lau 60 ontzako eta bi 65 ontzako ebaki beharko dituzte txanda librean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide