Baztarrikaldeko festak ospatuko dituzte bihar eta igandean

Maxixatzen.eus 2020ko mar. 5a, 10:59

Baztarrikalden festak izango dituzte asteburu honetan. Jaietako ekitaldiak ostiralerako eta iganderako antolatu dituzte. Bihar, ostirala, mus txapelketa jokatuko dute, eta igandean, berriz, zezen txikiak eta asto proba izango dituzte.

Bihar eta igandean izango dituzte festetako ekitaldiak Baztarrikaldean. Bihar, ostirala, 22:30ean hasita, mus txapelketa jokatuko dute, Gurea pilotalekuan. Lau ustel eta lau erregetara jokatuko dute txapelketa. Parte hartzeko izena txapelketa hasi aurretik eman beharko da elkartean, bikoteko 20 euro ordainduta. Irabazleek 300 euro eta txapela eskuratuko dituzte; bigarren sailkatuek 200 euro irabaziko dituzte, hirugarrenek 100 euro eta laugarren sailkatuek bi lagunentzako afaria jasoko dute Isidro Erretegian egiteko.

Igandean, martxoaren 8an, izango dute segida Baztarrikaldeko festetako ekitaldiek. 12:00etan, zezen txikiak eta poniak izango dira. Arratsaldean, berriz, Jose Astarbe XI. Saria asto proba jokatuko dute. Proban parte hartuko dute Eizagirreren (Zumaia), Aitor Gointziarren (Itziar, Deba) eta Txibilterren (Azkoitia) astoek. 17:30ean hasiko da proba.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide