Apirilaren 5eko hauteskunde mahaietako kideak erabakitzeko zozketa egingo du udalak astelehenean

Maxixatzen.eus 2020ko mar. 5a, 09:51

Martxoaren 9an, astelehenean, Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde mahaietako kideak erabakitzeko zozketa egingo dute Azkoitiko Udalean. Eusko Legebiltzarrerako bozak apirilaren 5ean izango dira. Martxoaren 10etik aurrera, udalaren atarian kontsultatu ahalko da zozketaren emaitza.

Datorren astelehenean, martxoaren 9an, apirilaren 5ko Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetarako hauteskunde mahaietako kideak aukeratzeko zozketa egingo du Azkoitiko Udalak. Zozketa egiteko ezohiko udalbatzarra 09:00etan egingo dute.

Martxoaren 10etik aurrera, berriz, udalaren webgunean (azkoitia.eus) zozketaren emaitza kontsultatzeko aukera egongo da. Hauteskunde mahaian egotea egokitu den ala ez jakiteko, erabiltzaileak NAN zenbakia sartu beharko du. Ondoren, sistemak adieraziko dio erabiltzaileari hauteslekuan egotea egokitu zaion.

Hauteskunde mahaiak osatzea udalaren eskumena da, zonaldeko hauteskunde batzordearen gainbegirapean. Horretarako, zozketa publikoa egiten da. Behin zozketa eginda, udalak bere webgunean jarriko du emaitzaren berri, baina aldi berean, aukeratuak izan direnei etxera jakinarazpena bidaliko die udalak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide