Martxoak 8 - 2020

"Emakumea herrian ikusarazteko", Martxoaren 8ko egitaraua aurkeztu du Sostenipe talde feministak

Maxixatzen.eus 2020ko mar. 4a, 19:28
Aurkezpenean hainbat lagunek parte hartu dute.

Elkargunean egin dute Martxoaren 8aren aurkezpena talde feministako kideek. Herrian hainbat ekintza egingo dituzte igandea goizean, emakumearen papera zein denAzkoitian ikusarazteko helburuarekin.

Sostenipe talde feministak Martxoaren 8rako prestatu duen egitaraua aurkeztu du gaur, asteazkena, Elkargunean. Igandean egingo ditu taldeak ekintza nagusiak. Talde feministako kideek azaldu dute, greba deialdiarekin eta egin ziren mobilizazioekin, "emakumeek, bollerek eta transek antolatzeko indarra" erakutsi zutela iazko Martxoaren 8an. Aurten, igandea izanik, beste era bateko planteamendua egin du mugimendu feministak, baina azaldu dute emakumeak berriro "batu" direla eta kaleak "bete" egingo dituztela.

Saretze eta antolakuntza feministak "beharrezkoak" direla nabarmendu du Azkoitiko talde feministak. "Emakumeok ondo ikasia dugu zer den antolakuntza, gizarteak ezarri digun rolak mila zeregin aldi berean eta ahalik eta modu eraginkorrenean egiten erakutsi digulako", azaldu dute. Ingurukoen zaintza, familiako ardura, etxeko lanak eta ordaindutako lanak eman dituzte adibide moduan. Indar hori orain "indar eraldatzaile" bilakatuko dutela gaineratu dute. 

Helburua, herrian "ikusaraztea"

Martxoaren 8a igandean egokitu da aurten, eta mugimendu feministak ez du greba deialdirik egin. Sostenipeko kideek, ordea, herrian ekintzak egitearen garrantzia azpimarratu dute. "Eguneko mobilizazioetan eta bazkari autogestionatuan parte hartzeko dei egin nahi dugu guztiei. Ondoren, Donostiara joango gara manifestaziora, emakumeok asko, aske eta anitzak garela erakustera. Elkartuta eta antolatuta emakumeak "geldiezinak" direla azpimarratu du. "Ikusarazi egin behar dugu gure papera, eta horretarako herria hartuko dugu. Donostiako manifestaziora joatea ere garrantzitsua da, elkarretaratze masifikatua egingo delako, baina herrian ekitaldiak egitea garrantzitsua iruditu zaigu", azaldu dute Elkargunean egin duten aurkezpenean.

Helburua betetzeko, hainbat ekintza egingo dituzte herrian. 10:00etan, herriko plazan elkartuko dira, eta bakoitzak etxetik eramandako kafearekin, hainbat gairi buruzko tertulia egingo dute. Talde feministak jakinarazi duenez, kafe tertuliak irauten duen bitartean herriko mutil talde batek kudeatuko duen zaintza gunea jarriko dute, "emakumeak, eta batez ere amak, lasai egon daitezen". 12:00etan, kazerolada egingo dute herri osoan zehar; etxetik "zarata" egiten duen zerbait emateko eskatu dute talde feministako lagunek. Ondoren, 12:30ean, elkarretaratzea egingo dute herriko plazan. 13:30 inguruan, berriz, etxetik eramandako janariarekin bazkari autogestionatua egingo dute.

Autobusa Donostiara joateko

Igandean, 18:00etan, mugimendu feministak deitutako manifestazioa egingo dute Donostian. Hara joateko autobusa antolatu du Sostenipek. 16:15ean abiatuko da autobusa liburutegi ondoko geltokitik. Izena Zakela, Etxe-Aitz eta Galipan tabernetan eman daiteke, baina baita sostenipe@hotmail.com helbide elektronikoan eta Sostenipe talde feministaren Instagram kontuan zuzeneko mezua idatzita ere.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide