'Roman eta Julieta' antzezlana eskainiko dute larunbatean, Baztartxon

Jose Ramon Soroiz, Sonia Vazquez eta Anartz Zuazua, 'Roman eta Julieta' obraren kartelarekin.

Borobil Teatroak Roman eta Julieta antzezlana eskainiko du larunbatean, martxoaren 7an, 19:30ean, Baztartxon. Antzezlanaren berri eman dute gaur Azkoitian Anartz Zuazua zuzendariak eta Jose Ramon Soroiz aktoreak, Sonia Vazquez Kultur zinegotziarekin batera. Aktualitateko gaia jorratzen du obrak, eta ikus-entzuleek "hurbileko" sentitzen dutela adierazi dute biek, "etxe askotan gertatzen ari delako".

Roman eta Julieta antzezlana aurkeztuko du Borobil Teatroak larunbatean, martxoaren 7an, 19:30ean hasita, Baztartxo antzokian. Lan horren berri eman dute gaur Azkoitian, Sonia Vazquez Kultura zinegotziak lagunduta, Anartz Zuazua obraren zuzendariak eta Jose Ramon Soroiz antzezleak. Aktualitateko gaia lantzen du antzezlanak, horregatik ikus-entzuleek "hurbilekoa" sentitzen dutela adierazi dute Zuazuak eta Soroizek.

"Umorea eta emozioa" uztartzen dituen istorioa kontatzen da obran. Soroizek Romanen pertsonaia antzezten du obran. "Adineko gizona da Roman, alarguna, eta iktus baten ondorioz mendekotasuna du. Haren seme-alabek, ordea, ez dute aitaren zaintza beren gain hartu nahi. Hala, herriko parrokoaren bidez, emakume etorkin bat hartzen dute etxean Roman zaintzeko. Lan kontraturik gabe eta egoera ilegalean dago Julieta, ordea. Eta bien arteko maitasuna sortuko da hor. Seme-alabek, baina, ez dute onartuko maitasun istorio hori, uste dutelako zaintzaileak aitari dirua lapurtu nahi diola eta herentziarik gabe utziko dituztela", azaldu du obraren nondik norakoa zuzendariak.

Iñaki Rikarte da antzezlanaren testuaren egilea. Jose Ramon Soroizez gain, Tanya de La Cruz, Ainhoa Aierbe, Asier Sota eta Alazne Etxeberria dira obrako aktoreak. Alderdi teknikoan lan egin duten Pedro Yagueren eta Ikerne Jimenezen lanak azpimarratu ditu Zuazuak: "Yague argiztapenaz arduratu da, eta uste dut beste guztion lana hobetu duela. Jimenezek, berriz, eszenografia eta jantziak egin ditu".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide