Hondakin asko batu dute Urola Bizirik natur taldekoek Katuin errekaren garbiketan

Maxixatzen.eus 2020ko mar. 4a, 10:39
Igandean, Katuin errekan bildutako hondakinekin, Urola Bizirik taldekoak. (Urola Bizirik natur taldea)

Joan den igandean, Urola Bizirik Natur Taldeak deituta, Katuin errekaren zati bat garbitu zuten. Zortzi lagunek parte hartu zuten, eta era askotako hondakin solidoak bildu dituztela salatu dute.

Urola Bizirik natur taldeak sentsibilizazio ekintza bat antolatu zuten joan den igandean, martxoaren 1ean. Oteiza pilotalekuetan elkartu, eta Katuin errekako hondakin solidoak biltzen jardun zuten, zortzi lagunek hiru ordu eta erdiz.

"Harritzeko moduko" hondakin kantitatea jaso zutela salatu du Urola Bizirik taldeak. Gainera, era askotako hondakina bildu zuten: obretako hondakinak, autoen piezak, trafikoko kartelak, telebistak, su txikia, konketa, latak, beirazko eta plastikozko botilak eta bilduki ugari. "Kasu askotan lurrean ondo sartuta, gainera", azaldu du natur taldeak.

Aingeru Guardako baserriaren inguruan, Katuin erreka egoera onean aurkitu zuten, eta sartu ere ez ziren egin. "Txalotzekoa da bertako bizilagunek denona den erreka garbi mantentzearen alde egiten duten ahalegina. Mila esker", azaldu du Urola Bizirik-ek.

"Inguru garbi eta osasuntsu baten" alde egin beharra aldarrikatu du natur taldeak: "Gutxi batzuen jarrera desegokiak guztion arazo bihurtu dira. Ekin diezaiogun elkarrekin". Hona hemen Urola Bizirik natur taldeak MAXIXATZENi bidalitako bideoa:

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide