Haizeak gogor jo du arratsalde guztian

Maxixatzen.eus 2020ko mar. 3a, 19:53

Bi istripu "arin" eragin dituzte haizeak mugitutako zaborrontziek, biak ere Julio Urkixo etorbidean.

Eguerdiaz geroztik, haizeak gogor jo du herriko hainbat txokotan, eta udaltzainek ez dute atsedenerako tarterik izan arratsalde guztian. Maxixatzeni adierazi diotenez, "dei pila jaso ditugu, bi minutuko bakerik ere ez dugu izan". Horietako gehienak haizeak mugitu dituen zaborrontziengatik izan dira. "Herri guztiko ontziak dantzan dabiltza. Zabor kamioiak goizean pasatu dira, hutsik daude ontzi gehienak eta haizeak nahi erara mugitu ditu".

Ondorioz, Julio Urkixo etorbidean bi istripu eragin dituzte haizeak mugitutako zaborrontziek. Udaltzaingoaren arabera, ordu laurdeneko tartearekin gertatu dira bi ezbeharrak. "Bietan, haizeak errepidera atera ditu zaborrontziak eta pasatzen ari ziren bi autoren kontra jo dute. Ez dira istripu larriak izan, halere".

Horrez gain, Azkaratera igotzeko bide zaharra ere itxi egin behar izan du Ertzaintzak, Azkarate gainean telefonia zutoin bat bota duelako haizeak eta kableak bi metroko altueran daudelako, Udaltzaingoaren arabera.

Bizkargi plazan eta Ziorra bidean, berriz, zuhaitz bana bota ditu haizeak.

Argirik ez hainbat auzotan

Haizeak kalte handiak eragin ditu herrian, eta Txalonerreka, Ipintza eta Altzibar auzoak argirik gabe geratu dira. Udalak azaldu duenez, Iberdrola lanean ari da argia lehenbailehen auzoetara bueltatzeko. Txalonerrekan, esaterako, konpondu dute jada arazoa.
 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide