Pintxo-potea ingelesez egiteko aukera izango da bihar

Maxixatzen.eus 2020ko mar. 4a, 09:10
Gaztanenea Formakuntza Zentroa.

Ekimenean parte hartu nahi dutenek, Gaztanenea Formakuntza Zentrora hurbildu beharko dute, 19:30ean. Saioak Olwen Mears galestarrak zuzenduko ditu.

Bihar, osteguna, pintxo-potea ingelesez egiteko aukera izango da. Udaleko Hezkuntza sailak, Gaztanenea Formakuntza Zentroarekin bat, ostegunetako pintxo-potea baliatuko du ingelesa praktikan jartzeko. Ekimen hau martxan jartzeko helburua da "modu ludikoan eta ingelesean trebatzea helburu dutenei zuzenduta, bide ezberdinak eskaintzea", azaldu dute Udaletik.

Formakuntzari eta lan merkatuari begira hizkuntzek duten garrantziaz jabetuta jarri zuten martxan egitasmoa Udalak eta Gaztanenea Formakuntza Zentroak, herritarrei hizkuntzak ikasteko erraztasunak emateko asmoz.

Saioak doakoak dira eta Olwen Mears galestarrak zuzenduko ditu pintxo-poteak sortzen duen kale giroan. Aurten, martxoaren 5ean eta 26an, apirilaren 23an eta maiatzaren 7an egingo dituzte pintxo-poteak ingelesez. Parte hartzea irekia da, beraz interesa duen edonork har dezake parte. Bihar, osteguna, Gaztanenea Formakuntza Zentroan elkartuko da taldea, 19:30ean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide