Euskal musika klasikoa eta nazioartekoa uztartuko dituen Batura Zikloa Azkoitira iritsiko da maiatzean

Maxixatzen.eus 2020ko mar. 3a, 14:51
Donostiako Victoria Eugenian egin dute aurkezpena. (Argazkia: Udala)

Maiatzaren 23an izango da Batura Zikloaren Azkoitiko kontzertua. Albert Guinovart piano jotzailea eta konposatzaileak eskainiko du kontzertua, Santa Kutz komentuan. Udaberriko Musikaldiaren egitarauaren barruan sartu dute musikari kataluniarraren emanaldia.

Euskal musika klasikoa nazioarteko errepertorioarekin kokatzea helburu duen Batura Zikloaren kontzertuetako bat Azkoitian izango da. Josu Okiñena musikariak sustatuta, kontzertu zikloaren helburuak herritarrei euskal musika-ondarea ezagutaraztea eta euskal musika nazioarteko musikariek euren errepertorioetan barneratzea dira. Zikloaren baitan lau emanaldi eskainiko dituzte Donostian, baina beste lau kontzertu eskainiko dituzte Azkoitian, Lezon, Andoainen eta Zumarragan. Gaur, asteartea, aurkeztu dute proiektua Donostiako Victoria Eugenia antzokian.

Bertan izan da Sonia Vazquez Kultura zinegotzia, eta hark eman ditu maiatzaren 23an Azkoitiko Santa Kutz komentuan izango den kontzertuaren inguruko xehetasunak. "Albert Guinovart piano jotzailea eta konpositore kataluniarra izango dugu Azkoitian. Batura Zikloak eskainitako proposamena tarteko, Albert Guinovarten kontzertua Udaberriko Musikaldiaren egitarau barruan sartu nahi izan dugu, aproposa delako gure ziklorako”.

Albert Guinovarten kontzertuan Aita Donostia, Pascual Aldave, Jose Maria Usandizaga eta Francis Poulenc konpositoreen obrak interpretatuko dira. Guinovartekin batera, Kanadatik edo Errusiatik iritsitako nazioarteko hainbat artistek hartuko dute parte Batura Zikloan. Quebeceko Alexandre da Costak eta Jean Phipile Silvestrek eta Errusiako Liana Gourdjiak, alegia.

Zikloa Josu Okiñena piano jotzaileak, ikertzaileak eta Musikeneko irakasleak sortu eta bultzatu du, "euskal musika klasikoa nazioarteko errepertorioarekin batera balioan jartzeko" asmoz. "Euskal Herriko musika ikertzen urteak eman ondoren, nazioarteko kontzertu-errepertorio handiaren pareko kalitatea duen errepertorioa dugula konturatu naiz. Horrela sortu zen zikloaren ideia", esan du Okiñenak.

Okiñenaren aburuz, orain arteko ekimen gehienetan, "euskal musika klasikoa edo euskal obra jakin bat nazioarteko errepertorioko errezitaldi baten barruan programatuizan dute soilik”. Hori dela eta, beste pauso bat eman nahi izan dute aurten, eta beste errezitaldi mota batzuk eskainiko dituzte, bien arteko uztarketa ahalbidetuz. Kontzertuak modu "didaktikoan, atseginean eta hurbilean" egingo dituzte; artistek konposizioen azalpen laburrak edo testuinguruak egingo dituzte obra interpretatu aurretik, "garrantzitsua delako azalpen edo informazioa ematea entzulea kokatu eta kontzientzia har dezan".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide