Mapa Morean bildutako emaitzak aurkeztu ditu Udalak

Maxixatzen.eus 2020ko mar. 2a, 16:02
Aurkezpenean parte hartu duten udaleko eta ikastetxeetako ordezkariak.

Mapa Morea proiektuko emaitzak aurkeztu ditu gaur Azkoitiko Udalak. Prozesuan parte hartu duten herritarrek Trenbidearen Zumardiari eman diote baliorik handiena. Puntuaziorik baxuena jaso duten auzoak, berriz, Floreaga, Ipintza, San Martin eta Txalonerreka dira.

Irailean jarri zuen martxan Azkoitiko Udalak Azkoitiko Mapa Morea egiteko parte hartze prozesua, herriko auzo eta eremuak genero ikuspegitik aztertzeko. Gaur, astelehena, parte hartze prozesuan jaso diren ondorio nagusiak aurkeztu dituzte Mertxe Zubillaga Udaleko Berdintasun Saileko zinegotziak eta Patxi Galarraga Azkoitiko Mapa Morea proiektuko zuzendariak. Mapa osatzen hasi aurretik, formakuntza saioak egin zituzten, eta ondoren, parte hartze saio praktikoak. Zubillaga zinegotziaren esanetan, azpimarratzekoa izan da prozesuan egon den "parte hartze zabala". 

Mapa Morea osatzeko proiektu parte hartzailean bi mahai osatu dituzte. Alde batetik, udal ordezkariek eta ia sail guztietako teknikariek osatutako udal mahaia egon da, eta bestetik, herritarren mahaia. Bi mahai horiez gain, ordea, Floreaga Salestar Ikastetxeko eta Izarraitz Lanbide Heziketako 142 ikaslek ere parte hartu dute. Zubillagak azken horiek egindako ekarpenak eskertu ditu. "Mapa Morea lan tresna edo lan gida da Udalarentzat, eta hirigintza alorrean erabakiak eta lehentasunak finkatzerako orduan kontutan izango du", azaldu du Berdintasun Saileko zinegotziak. 

Mapa Morea egiterakoan zortzi ardatz aztertu dituzte: erasoen eta mehatxuen aurrean dagoen segurtasuna, babesa, irisgarritasuna, mugikortasuna, ongizaterako ekipamenduak eta baliabideak, denboraren erabilera eta horren kontziliazioa, lan erreproduktiboa eta zaintza lanak eta azkenik, adierazgarritasun erreala eta sinbolikoa.

Patxi Galarraga Mapa Morea proiektuaren zuzendariak aurkeztu ditu emaitzak eta ondorio nagusiak. Zuzendariaren hitzetan "itxitzat" eman daiteke prozesua, baina orain txostenean jasotako emaitzek "bidea" egin behar dute. "Udal mahaia eta herritarren mahaia bat etorri dira egin diren ekarpenetan eta herriko gabezia nagusiak detektatzerakoan", adierazi du Galarragak.

Auzoen balorazioa

Auzoen balorazio orokorra egiterakoan, hirutik hirura bitarteko puntuazioa hartuta, Trenbidearen Zumardiak jaso du baloraziorik altuena, Alde Zaharrarekin eta Julio Urkixorekin batera. Aldiz, punturik gutxien Floreagak, Ipintzak, San Martinek, Txalonerrekak eta landa auzoek jaso dute. Orokorrean, auzoei balioa emateko orduan, emakumeek emandako puntuazioak baxuagoak dira. Gazteen artean egindako galdetegian, berriz, balio positiboa jaso dute Trenbidearen Zumardiak, Alde Zaharrak, Julio Urkixok eta Altzibarrek. Balio negatiboa jaso dutenak, berriz, San Martin, Txalonerreka, Floreaga, Ipintza eta landa auzoak dira. Aztertutako ardatzen arabera, herritarrek segurtasun aldetik balio okerrena Floreaga eta San Martin auzoei eman diete. Irisgarritasunari begira gaizkien dagoen auzoa Floreaga da; mugikortasunak ere puntuazio baxuena Floreagan eta San Martinen eman du; zaintza-lanik gehien eta kontziliazio gutxien landa eremuetan dago azterlanaren arabera, eta adierazgarritasun ahulena dagoen tokia Txalonerreka da.

Floreagari buruz egin du lehen hitzartea Patxi Galarraga zuzendariak. "Floreaga auzoan bertan gabeziak ikusi dira, baina baita beheko korapiloan ere; aldapa barrenean elkartzen dira arrisku guneak: abiadura, ikastetxeetako haurrak... Floreaga auzo handia da, eta goian dago. Udala lanean ari da hor konponbide bila", azaldu du. Ipintza auzoan ere hainbat gabezia ikusi dituzte bi mahaietako parte hartzaileek. Zuzendariak azaldu duenez, Ipintza auzoa "herrigunetik kanpo" dago eta "ia ez du baliabiderik". Urbanue autobusak herriarekin lotura egiteko duen garrantzia azpimarratu du zuzendariak. 

Goiko kalea edo Martin Deunaren kalea ere aipatu ditu Galarragak. "Gainbehera bat du hirigune horrek, eta horri buelta eman behar zaio. Ez da espaloi edo etxebizitza kontua soilik; udaleko sektore askoren eskuhartzea behar du guneak", azaldu du zuzendariak. Gabezia asko detektatu diren gunea dela adierazi du. San Martin auzoa ere jomugan jarri dute parte hartzaileek. Lan "asko" egin behar den "gune zaila" dela azaldu du zuzendariak.

Floreagako atari gaineko bidean, beilatoki inguruan edota Plazaberrin iluntasuna da segurtasunaren gabezia nagusia. Leku bakartiak dira, berriz, Santa Klara eta Matadeixe ingurua edota Txalonerrekako bidea. "Santa Klara eta Matadeixe lotzen dituen zuzenguneari irtenbidea ematen zaionean hobetuko da ingurua. Hirigintza sailean kontuak poliki doaz, eta herritarren bizimoduek beste erritmo bat dute; horiek uztartzea ez da erraza", azaldu du. Txalonerreka, berriz, herritik "bereizita" gelditzen dela eta oinezkoen "gustuko bidea ez" dela esan du zuzendariak. "Etxebizitza bloke berri bat martxan dago, eta guneari babes pixka bat emango dio. Ikasleek, ordea, ikastetxeetarainoko bidea osatzea eskatu dute", esan du Galarragak. 

Ongizate sozialaren eremuan diagnostikoak ondorioztatu du Plazaberri zahartzen ari dela eta berritu beharra dagoela. Oinezkoentzat izatea edota hobeto argiztatzea eskatu dute prozesuan parte hartu dutenek. Plazari eta Kale Nagusiari buruzko iritziak ere jaso dituzte, ordea, parte hartze prozesuan. Galarragak esan du, etorkizunean pertsonek ibilgailuekiko duten lotura ez dela "egungoa bezalakoa" izango, eta Azkoitiko herriak ere gai horri "heldu" beharko diola. Azoka plaza biziberritzearen beharra ere jaso dute prozesuan.

Horren inguruan Udalak azaldu du, Alde Zaharraren inguruan azterlan orokor bat burutzen ari dela, eta asmoa duela Plazaberriren eraberritzeari lotuta, partehartze prozesua martxan ipintzea. Azkoitia eta Loiola arteko bidegorriari buruz ere hitz egin dute prozesuan zehar. Herritarren artean balioa duen arren, "gabezia batzuk" agertu dira, besteak beste, komuna, argiztapen falta edota Azkoitiko hasierako zatiaren egoera. Patxi Galarraga zuzendariak aitortu du epe luzerako lanketa dela. Hurrengo erabakietan txostenean jasotako gaiak txertatzea eskatu du Mapa Morea proiektuko zuzendariak.

Mapa Morearen diagnostikoa (PDF)

Zubillaga eta Galarraga, aurkezpenean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide