Joseba Beristainek konposatutako 'Elkano' jo du zuzenean Azkoitiko Musika Bandak

Maxixatzen.eus 2020ko mar. 1a, 13:46

Azkoitiko Musika Bandak kontzertu berezia eskaini du gaur, 12:30ean hasita, Baztartxo antzokian. Bost filmen musika bandak jo ditu zuzenean, tartean, Joseba Beristain azkoitiarrak konposatutako Elkano. Beristaini oroigarri bat eman diote musika bandakoek.

Pixar Movie Magic (Michael Brown), Aladdin (Paul Jennings), Elkano (Joseba Beristain), Nighlights from Brave (Sean O'loughlin) eta How to train your dragon (John Powell) filmetako musika bandak jo ditu zuzenean Azkoitiko Musika Bandak Ismael Condek zuzenduta, Baztartxo antzokian.12:30ean hasi da kontzertu berezia.

Haur eta gaztetxoei zuzendutako saioa izan da, eta musika bandak jo dituzten bitartean, filmetako irudiak ikus zitezkeen Baztartxoko pantaila handian. Elkano, lehen mundu bira filmerako Joseba Beristain konposatzaile azkoitiarrak egindako Elkano zuzenean jo ostean, Beristain bera agertoki gainera igotzera gonbidatu dute bandako kideek. "Omenaldi txiki bat" eginez, oroigarri bat eman diote konposatzaileari. "Ez da erraza musika banda hau interpretatzea, eta eskerrik asko Azkoitiko Bandari. Ederra da herrian eta herriko banda hori jotzen entzutea", adierazi du Beristainek.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide