Eskualdeko herrietako biztanleria %4 eta %20 artean hazi da hamar urtean

Maxixatzen.eus 2020ko ots. 27a, 18:25
Azkoitiko erroldaren araberako biztanleria.

Urola Kostako herri guztiek irabazi dituzte biztanleak, Beizamak eta Errezilek izan ezik. Biztanleria gazteena Aiak, Aizarnazabalek, Errezilek eta Oriok dute. Urola Kostako Hitzan Izaro Altzibar kazetariak egindako erreportajea da honakoa.

Ohi bezala, urte hasierarekin batera atera ditu INE Espainiako Estatistika Institutuak errolda datuak. Hori aitzakiatzat hartuta, eskualdeari begiradatxoa bota dio Urola Kostako Hitzak. 

2019ko datuak aztertuta, ikus daiteke Urola Kostako herri gehienetan zabalagoa dela 65 urtetik gorako helduen adin tartea, 16 urtez azpiko gazteena baino. Baina badira salbuespenak: Aia, Aizarnazabal, Errezil eta Orion, gehiago dira 0 eta 16 urte arteko herritarrak. Esanguratsua da, gainera, aipatutako lau herrietatik hiru 2.100 biztanletik beherako herriak direla, eta horietatik bik, 800 biztanle baino gutxiago dituztela: Errezilek eta Aizarnazabalek, hain justu. 

Azkoitiko biztanleriaren bilakaera (2005-2019)

Nekane Arrizabalaga Aiako alkateak hitzari adierazi dionez, ez dute erroldaren inguruko hausnarketarik egin, baina haur eskolan nabaritu dute ume gehiago daudela. Nabarmendu du oso lagungarria eta beharrezkoa dela herri txikiak bizirik mantentzeko herrian jaiotako gazteak herrian geratzea eta familiak herrian sortzea. Arrizabalagarentzat herri txikietan zerbitzu anitzak izateak eragina izan dezake etxebizitza erosterako garaian: «Eskola, garraioa, medikua eta farmazia bezalako zerbitzuak izatea oso garrantzitsua da gazteak herrian geratzeko». Etxebizitza politikak ere eragin zuzena du herri txikien etorkizunean. Aiako alkateak kontatu duenez, «Armendigainen etxebizitzak eraikitzean jende asko etorri zen Aiara, eta horren emaitza izan daitezke datu horiek». 

Aizarnazabal da proportzioan Urola Kostako biztanleria gazteena duen herria, eta Mari Karmen Arregi Aizarnazabalgo alkatearentzat inportantea da datu hori, baina esan du zailtasunak dituztela etxebizitza alorrean. «Aizarnazabal herri gaztea da, eta hala izaten jarraitzea nahi dugu. Une honetan, ordea, ez dago gazteentzat etxebizitzarik herrian, ez salgai, ez alokairuan, etxebizitza familia-bakarrak besterik ez daude salgai, eta horiek ez dira gazteentzako etxeak. Gure nahia da etxe gehiago eraikitzea, gazteak herrian gera daitezen».

Errezilgo datuen harira, Xebero Agirretxe bertako alkateak ere egin ditu adierazpenak. Gainera, Errezilen etxebizitza beharrei buruzko galdeketa bat egin berri dute, 18 eta 45 urte bitarteko 103 bizilaguni, eta alkateak adierazi duenez, ia guztiek datozen urteetan bizimodua Errezilen jarraitzeko asmoa azaldu dute galdeketan. Bestalde, udalaren nahia herrigunea indartzea den arren, oro har, baserrian jarraitzeko asmoa gailendu dela nabarmendu du Agirretxek. Hain zuzen, galdetutako 103 biziagunetatik, etxebizitza beharra dutenak 14 izan dira, eta horietatik herrigunean etxebizitza erosteko nahia adierazi dutenak 4-5. Hala ere, udalak etxebizitza promozio bat eraikitzea pentsatu duela jakinarazi du alkateak, baina galdetegiko emaitzak aztertu eta gaia nola bideratu hausnartzen ari dira oraindik.

Biztanleak irabazi-galdu

Azken urteetako hazkunde edo beherakadari dagokionez, Orio izan da azken 20 urteetan biztanle gehien irabazi dituen Urola Kostako herria. 1999. urtean 4.307 biztanle izatetik, 5.026 pertsonara igo zen zifra 2009an (%17ko igoera), eta 2019ko errolda datuek 6.022 bizilagunetan kokatu dute Orioko errolda (%20ko igoera). Orioren jarraian, Aizarnazabal da proportzionalki biztanle gehien irabazi dituen bigarren herria. Hain zuzen, 1999. urtean 546 biztanle ziren, 2009an 669ra igo zen zifra, (%23ko igoera) eta azken erroldaren arabera, 772 biztanle daude gaur egun Aizarnazabalen.

Bestalde, Beizama da Urola Kostan beherakada garrantzitsuena sufritu duen herria. 2009. urtean 180 biztanle izatetik, %20ko jaitsiera izan du azken hamar urteetan, eta orain 143 biztanle dituela diote erroldaren azken datuek.

Herriz herriko datu orokorrei erreparatu, eta 2018ko errolda datuak 2019ko datuekin alderatuz gero, Azpeitia, Orio eta Zumaia izan dira azken urtean biztanle gehien jaso dituzten herriak. Azpeitiak 150 biztanle irabazi ditu 2018tik 2019ra, Oriok 74, eta Zarautzek 100. Aiak, Aizarnazabalek, Beizamak, Errezilek eta Zestoak, aldiz, biztanleak galdu dituzte azken urtean, baina ez dira datu esanguratsuegiak. Azken hamar urteak kontuan hartuta, Urola Kostako herri guztiek irabazi dute biztanleria, Beizamak eta Errezilek izan ezik. Azken herri horrek biztanleen %7 galdu du.

Goierrirekin alderatuta

Eskualdeko datuak hobeto ulertze aldera, Goierriko datuekin egin du alderaketa Urola Kostako Hitzak. Datu desberdinak daude batean eta bestean azken 10 urteetako erroldak begiratuz gero. 2009tik 2019ra bitartean, Goierriko eskualdeak %1eko (722) igoera izan du biztanlerian. Urola Kostak, berriz, %6koa (3.977). Goierriko herrietan, Altzaga da %14ko igoera duen herri bakarra, eta gainontzekoek ez dute %7ko igoera gainditzen. 

Urola Kostan, aldiz, gehiago hazi dira herriak. Beizamak eta Oriok, adibidez, %20 igo dute biztanlerian azken 10 urteetan, eta Beizama eta Errezil dira beherakada izan duten Urola Kostako herri bakarrak. Herri txikiak, biak ere. Goierrin, berriz, sei herritan egon da beherakada, eta denak ez dira herri txiki-txikiak ere: Zumarraga, Legazpi, Urretxu, Legorreta, Ormaiztegi eta Olabe.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide