Federico Van Lacke jokalari argentinarra fitxatu du Juaristi ISBk

Maxixatzen.eus 2020ko ots. 27a, 15:40
Federico Van Lacke argentinarra.

Azken orduko fitxaketa baten berri eman zuen atzo, osteguna, Juaristi ISBk. Federico Van Lacke argentinarrak Azkoitiko eta Azpeitiko taldearekin jokatuko du.

Federico Van Lacke jokalari argentinarra fitxatu berri du Juaristi ISBk. Atzo iluntzean jakinarazi zuen klubak 39 urteko eskolta taldera batu zela; jokalariak berak hitz egiten duen honako bideo hau erabili zuen ISBk fitxaketaren berri emateko:

Juaristi ISB Zilarrezko LEB Mailan ari da jokatzen 2019-2020 denboraldian, eta Van Lackek Azkoitiko eta Azpeitiko taldearekin sinatu badu ere, klausula irekia du goragoko mailaren bateko talderen batera joateko. Denboraldia hasi eta talderik gabe gelditu zen Donostian bizi den argentinarra, eta duela hilabete inguru ISBrekin hasi zen entrenatzen. Iñaki Jimenez entrenatzaileak azaldu duenez, baina, fitxaketen garaia aste honetan bukatzen da, eta ISBk eta jokalariak akordioa erdietsi dute. "Oso gustura nago duen esperientziarekin eta kalitatearekin asko lagunduko digulako", azaldu du hark. Gainera, une egokian iritsi da fitxaketa. "Jokalari kopuruz justu gabiltza, eta gainera, sudurra hautsita dago Ibon Guridi eta ezingo ditu datozen partida batzuk jokatu. Beraz, taldea indartzera ere badator Van Lacke".

Saskibaloiaren munduan esperientzia handia duen jokalaria da argentinarra; izan ere, 2002-2003 denboraldiak Huelvan jokatu zen, eta han aritu ostean Urrezko LEB eta ACB ligetako hainbat taldetan aritutakoa da, hala nola Murtzian, Los Barriosen, Valladoliden, Granadan, Joventuten eta Estudiantesen. Gainera, Argentinan ere jokatutako da, besteak beste, Boca, Obras eta La Bandan. 2017an itzuli zen Argentinatik Euskal Herrira: Gipuzkoa Basketekin jokatu zuen bi denboralditan.

Bigarren fasea, hastear

Zapatuan hasiko da Zillarrezko LEB Ligako bigarren fasea. ISBk bere multzoko –bi multzotan dago banatuta liga– sei talde onenekin lehiatzeko aukera izango du denboraldi hasieratik hona egindako lana tarteko. Dena den, orain arte egindako lana ez da islatuko bigarren fasea hasterako Juaristik ISBk dituen puntuetan. Izan ere, lehen multzora sailkatu diren sei taldeek elkarren aurka izan dituzten emaitzak soilik hartzen dira kontuan bigarren fasea hasterako.

Lehen fasean hamahiru garaipen eta zazpi porrot eskuratu zituzten Jimenezen mutilek, baina araudia tarteko, hiru garaipen eta zazpi porrotekin hasiko du denboraldiko bigarren zatia. Multzoko sei talde onenek hamabi norgehiagoka jokatuko dituzte, eta sailkapen burua zuzenean igoko da Urrezko LEB Ligara. Gainerako talde denek igoera fasea jokatuko dute, eta bi talde onenak ere mailaz igoko dira.

Juaristi ISBk zapatuan jokatuko du bigarren faseko lehen partida. 18:30ean hasiko da Menorcaren kontrako neurketa Azpeitiko kiroldegian.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide