Munoaundi kudeatzeko Azpeitiko Udalarekin lankidetza hitzarmena egitea jorratuko du Udalbatzak, bihar

Maxixatzen.eus 2020ko ots. 25a, 17:00

Ohiko osoko bilkura egingo du Udalbatzak bihar, 19:00etan. Besteak beste, EAJ eta PSE-EE taldeek adierazpen instituzionala aurkeztuko dute Emakumeen Nazioarteko Eguna den martxoaren 8aren harira. 

Azkoitiko Udalbatzak osoko bilkura egingo du bihar, asteazkena, 19:00etan hasita, udaletxeko bilkura aretoan. Hainbat gai jorratuko dute udalbatzarrean, eta beste erakundeekin askotariko hitzarmenak onartzea proposatuko du Udal Gobernuak. Besteak beste, Munoaundi aztarnategia kudeatzeko eta finantzatzeko Azkoitiko eta Azpeitiko udalen lankidetza hitzarmena onartzea izango da puntuetako bat; horrez gain, Azpeitiko eta Zestoako udaleko beste hitzarmen bat hasteko asmoa du Udalak, Urola Erdiko ikasleei eskainiko zaien logopedia zerbitzua kontratatzeko, kudeatzeko eta finantzatzeko. Eusko Jaurlaritzarekin ere beste akordio bat onartzekotan da erakundea, Gipuzkoa, Bizkai eta Araban administrazioari lotutako idazkiak udal erregistroetan aurkeztearen ingurukoa, hain zuzen ere.

Bestalde, 2020. urteko ekitaldiko Udaleko lanpostuen zerrenda eta lantaldearen behin betiko onespena onartuko dute, eta EAJ eta PSE-EE taldeek adierazpen instituzionala aurkeztuko dute Emakumeen Nazioarteko Eguna den martxoaren 8aren harira.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide