Udalak Ahotsak egitasmoa berreskuratu du, herriko hizkera eta ahozko ondarea babesteko asmoz

Maxixatzen.eus 2020ko ots. 21a, 15:56
Marijose Arregi eta Aintzane AgirrebeƱa, gaur, aurkezpenean.

Hamar urteren ondoren, Ahotsak egitasmoa jarri du berriz martxan Udalak, eta urtero adineko hamar lagun elkarrizketatzeko asmoa du. Guztira, 120 pasartetik gora jasoko dituzte aurten.

Herriko euskara eta ahozko ondarea mantentzean eta indartzean Azkoitiak "benetako altxorra" duela jakitun, Azkoitiko Udalak berriz jarri du martxan Ahotsak egitasmoa herrian, eta dagoeneko hasi dira aurreneko urratsak egiten. Udaleko Euskara zinegotzi Marijose Arregik eta Ahotsak proiektuaren arduradun Aintzane Agirrebeñak gaur eman duten plangintzaren berri, eta jakinarazi dutenez, urtero herriko hamar lagun elkarrizketatuko dituzte.

Udalak 2010. urtean jarri zuen aurrenekoz martxan Ahotsak egitasmoa Azkoitian, eta hamar urteko etenaren ostean, iaz berreskuratu zuen proiektua. "Azkoitiko euskara berreskuratzea, biziberritzea eta ezagutaraztea oso garrantzitsua zela ebatzi genuen", esan du Arregik. Agirrebeñak jakinarazi duenez, dagoeneko hasi dira elkarrizketa batzuk egiten, eta herriko adineko pertsonei emango diote hitza, egitasmoaren helburuetako bat baita transmisioaren bitartez "herriko historia eta kontu zaharrak" berreskuratzea. "Uste dugu adinekoek gauza interesgarri asko dituztela kontatzeko, gerra garaiko kontuak, esaterako. Gainera, iruditzen zaigu Azkoitian elkarrizketatzeko moduko jende ugari dagoela. Izan ere, herri euskaldunda da Azkoitia, eta oso kontalari onak diren adineko asko daude", azaldu du Agirrebeñak. Hark adierazi duenez,120 pasartetik gora jasoko dituzte oraingo honetan.

6.600 euroko partida jarri du Udalak egitasmoa aurrera eramateko, eta Arregik adierazi du erakundearen helburua dela hurrengo urteetan ere proiektua "elikatzen eta sendotzen" joatea.

Azkoitiko 913 pasarte publikatuta

Badihardugu elkarteak 2003. urtean sortu zen Ahotsak proiektua, ahozko ondarea eta herri hizkerak jasotzeko eta zabaltzeko asmoz. Bergaran (Gipuzkoa) sortu bazen ere, urtez urte Euskal Herri osora zabaldu da proiektua, eta duela hamar urte Azkoitian jarri zen martxan. Agerraldian gogorarazi dutenez, orduko hartan 53 elkarrizketa egin zituzten Azkoitian, batez ere 70 urtetik gorako herritarrenak. Horri esker, herritarren 913 pasarte publikatuta dituzte.

Elkarrizketa berriak egiteaz gain, lehendik kaleratutako Azkoitiko pasarteak berreskuratzea da Udalaren asmoa, eta horretarako, ahotsak.eus atarian dauden azkoitiarren pasarteak publikatuko ditu Udalak astero Facebook-eko bere kontuan. "Batzuek ezagutzen dute Ahotsak egitasmoa, eta badakigu ikastetxeetan-eta erabiltzen dutela hango materiala. Baina garrantzitsua iruditzen zaigu guztiek ezagutzea", esan du Arregik.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide