Karnabalak 2020

Mozorrorik eranzten ez duen kuadrilla

Maxixatzen.eus 2020ko ots. 20a, 13:06
Andueza, Errazu eta Goenaga.

Duela ia hiru hamarkada hasi ziren Rosa Mari Errazu (Azkoitia, 1952), Urrategi Andueza (Azkoitia, 1951) eta Juan Mari Goenaga (Azkoitia, 1959) Azkoitiko karnabaletan mozorrotzen, eta ordutik ez dute hutsik egin. Mozorroen atzean dagoen prestakuntzaz aritu dira hiru azkoitiarrak Maxixatzenekin.

Badira karnabaletan inoiz hutsik egiten ez duten kuadrillak, eta horietako lagun talde baten parte dira Rosa Mari Errazu, Urrategi Andueza eta Juan Mari Goenaga. Duela 28 urte atera ziren lehen aldiz Azkoitiko karnabaletan, eta ondo gogoan du Errazuk lehen aldi hura: "Aurreneko aldiz kuadrillan mozorrotu ginenean arabiarrez jantzi ginen, eta asto eta guzti atera ginen kalera". Dozena bat lagun elkartu ziren lehen aldi hartan, eta ordutik hamaika pertsonaia haragitu dute azkoitiarrek: "Urtez urte geroz eta mozorro hobeak egiten hasi ginen, eta Azkoitiari lotutako mozorroak egin genituen: abarketari, erroskilla saltzaile, erraldoiak eta buruhandiak...", azaldu du Anduezak. Juan Mari Goenaga urte batzuk beranduago batu zen taldera, baina ordutik hark ere ez du hutsik egin.

Errazuren, Anduezaren eta Goenagaren kuadrillak, gainera, badu berezitasun bat; mozorrotzeaz haratago, artistekin eta haien abestiekin lotutako koreografiak ere sortzen dituzte, eta herriko kaleetan zehar egiten dituzte, ondoren, dantza horiek. Goenaga arduratzen da koreografiei forma emateaz: "Neskek aukeratzen dute gaia, eta nik, ondoren, artistaren abestiak entzun eta dantzak prestatzen ditut". Anduezak eta Errazuk beren garaiko artistak hautatzen dituzte: "Duela bi urte Cantando bajo la lluvia filmeko protagonistez mozorrotu ginen, oso ondo pasa genuen", dio Errazuk. Behin gaia eta dantza izanda, entseatzen hasten dira: "Koreografiak-eta nola egin pentsatzeko entseguak egin behar izaten ditugu, eta urtarril amaieran-edo hasten gara horiekin", dio Anduezak.

Dantzez gain, mozorroak ere beraiek egiten dituzte gehienetan: "Geuk sortzen ditugu mozorroak askotan, baina aurten, adibidez, erosi egin ditugu", azaldu du Errazuk. "Mozorroak alokatu ere egin izan ditugu noizbait, Donostiako Gros auzoan dagoen denda batetik", gaineratu du Anduezak. Askotan, gainera, mozorroaren arabera beste hainbat tresna ere prestatu behar izaten dute, eta horiek prestatzeko entsegu orduak erabiltzen dituzte: "Erraldoi eta buruhandien mozorroa egin genuenean, eskuz egin genituen buruhandien buruak, entseguetan".

Sariak ere, ugari

Dagoeneko karnabaletako sariketan izenik ematen ez duten arren, urte hauetan guztietan hainbat sari eskuratu du Errazuren, Anduezaren eta Goenagaren kuadrillak: "Idi-proben eta abarketarien mozorroarekin lehen saria eskuratu genuen, eta beste hainbat sari ere lortu genuen sevillana zein erraldoien eta buruhandien mozorroekin", azaldu du Errazuk. Azken urteetan behin soilik atera dira kalera taldean mozorrotu gabe, eta hiru azkoitiarrek argi dute hura ez zela erabaki egokia izan: "Urte batean atera ginen ezer antolatu gabe, baina ez zuela graziarik iruditzen zitzaigun. Zerbait egin beharra sumatu genuen". 

Hainbeste mozorro pasatu ondoren gustukorik ba al duten galdetuta, iritzi desberdinak dituzte azkoitiarrek: "Idi-proben eta buruhandien eta erraldoien mozorroak oso ondo atera zitzaizkigun", dio Errazuk. Goenagak gogoan du Disneyko pertsonaiak gorpuztu zituzten urtea ere: "Oso polita izan zen Disneyko pertsonaiez mozorrotzea, herriko haur eta gaztetxoek ezagutu egiten baitzituzten horiek eta hurbildu egin zitzaizkigun. Anduezak ere mozorro asko ditu gogoan: "Zaila da bat aukeratzea, The Beatles-en mozorroa egin genuenean ere polita izan zen, majorette ere bai...". Halaber, sevillana jantzi zireneko urtea ere gogoan dute azkoitiarrek: "Kaseta eta guzti jarri genuen kalean, eta urdaiazpiko pintxoak banatzen ibili ginen jendeari".

Zapatuan zein mozorro jantziko duten esan ez duten arren, hiru azkoitiarrek aurreratu dute aurten ere musikarekin loturiko pertsonaia bat izango dutela oinarri, eta dagoeneko prest dutela mozorroa: "Emakume abeslari bat da, eta haren bi kantu aukeratu ditugu", dio Anduezak. "Gure kuadrillako bat artista horren jarraitzaile sutsua da, eta horregatik aukeratu genuen abeslari hori", dio Errazuk. Urtero bezala, 19:00ak aldera aterako dira kalera eta Baztarrikaldetik hasi eta herri osoa zeharkatuko dute: "Besteak beste, plazan, Plaza Berrin eta Balda plazan egingo dugu dantza, eta ondoren elkartera joango gara afaltzera", dio Goenagak. Afalostean, berriz, ez dute kalera ateratzeko intentziorik, baina festak etenik ez duela izango argi dute: "Soziedadean musika jarriko dugu eta bertan jarraituko du festak guretzat". Behin karnabalak amaituta, berriz, datorren urteko mozorroa pentsatzen hasiko dira azkoitiarrak; momentuz, behintzat, ez dute-eta mozorrotzeari uko egiteko asmorik. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide