Txirrindularia

Imanol Arizmendi: "Gozatzen segitzea da nire asmoa, ez dut bestelako helbururik"

Maxixatzen.eus 2020ko ots. 20a, 09:47

Bederatzi urtez lehia alde batera utzita egon ondoren, denboraldi honetan itzuli da berriz lasterketetara Imanol Arizmendi (Azkoitia, 1991). Aparteko presiorik gabe, bere burua probatze aldera, gehienbat. Eta itzuli eta berehala zapaldu du podiumaren goreneko maila, Kantabrian (Espainia).

Elite eta Master 30 mailako Kantabriako Itzulia irabazi zenuen asteburuan. Espero al zenuen halakorik?

Ondo egitea espero nuen, baina irabaztea ez. Afizionatuetan urtebete egin ondoren, utzi egin nuen txirrindularitza. Lau urtez bizikletan ibili gabe egon nintzen, eta duela lau urte hasi nintzen berriro. Zikloturista gisa gustura nenbilen, baina bere garaian Elite eta Master 30 zirkuituan ibilitako lagun batzuek animatuta hasi naiz berriro lehiatzen. Maila honetan ondo ibiltzeko aukerak banituela esaten zidaten, eta probatzea erabaki dut.

Zer berezitasun dute Elite eta Master 30 mailako lasterketek?

26 urtetik gora ditugunok ezin dugu afizionatuetan lehiatzen jarraitu. Adin hori gaindituta lasterketetan parte hartzen jarraitu nahi dutenentzat pentsatuta daude lasterketa horiek. Gehientsuenak Araban eta Bizkaian antolatzen dituzte, eta Kantabrian ere bai zenbait; hilean pare bat lasterketa egiten dituzte.

Lehen emaitzak ikusita, lagunei arrazoia eman beharko, ezta?

Hasiera oso ona ari da izaten, bai. Aurreko astean korritu nuen lehen lasterketa, Laudion [Araba], eta laugarren tokian bukatu nuen. Joan den asteburuan, berriz, larunbatean eta igandean lehiatu nintzen Kantabrian, eta irabazi egin nuen itzulia.

Nolakoak izan ziren Kantabriako Itzuliko bi jardunaldi horiek?

Lehenengo etapan zazpigarren postuan sailkatu nintzen, irabazlearengandik minutu bat eta 23 segundora. Igandeko etapa, berriz, neuk irabazi nuen, bigarrenari minutu bat eta 40 segundoko aldea aterara. Horrekin batera, sailkapen nagusia ere neuk irabazi nuen, baita itzuliko mendiko saria eta erregulartasunarena ere.

Igandeko etapa garaipenak eskaintza berezia zeraman berekin, ezta?

Helmugara iristean besoak zerura altxatu eta aitari eskaini nion garaipena. Bera hil zenean korritzeari utzi eta lanean hasi nintzen, eta igandean berataz akordatu nintzen.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide