Karnabalak 2020

Karnabaletan murgiltzeko prest daude azkoitiarrak

Maxixatzen.eus 2020ko ots. 19a, 16:30

Ostiralean hasiko dira karnabalak Azkoitian, ikastetxeetako ikasleen kalejirarekin. Festak, ordea, gehiagorako emango du, zapatuan izango baitu jarraipena. Musikak girotuta, mozorrotutako herritarrek beteko dituzte kaleak.

Ostiraleko umeen kalejirarekin hasiko dira aurten ere Azkoitiko karnabalak. 16:00etan, ikastetxeetako neska-mutilek kalejira egingo dute herriko kaleetan zehar. 17:00etan, herriko plazan amaituko dute ibilbidea, eta ondoren, opila eta txokolatea banatuko dizkiete haurrei. Iluntzera bitartean, berriz, Oihan Vega musika jartzaileak girotuko du plaza. 21:30ean, bestalde, 12 eta 17 urte bitarteko gazteentzat mozorro lehiaketa egingo dute Elkargunean. DJ Xabi Fest-ek girotuko du aretoa. Antolatzaileek azaldu dutenez, sariak banatuko dituzte.

Zapatuan jarraituko du karnabaletako festak Azkoitian. 12:00etan, Txalkor txistulari taldeak kalejira egingo du herriko kaleetan zehar. 12:30an, berriz, Azkoitiko Musika Banda eta Bizkargi musika eskolako banda txikia kalera aterako dira karnabaletako hainbat doinu eskaintzera. Goizeko musika doinuek arratsaldekoei emango diete lekukoa, izan ere 16:30etik 18:30era bitartean Urolatarrak txaranga herriko kaleetan ibiliko da.

18:30ean hasi eta 19:45era bitartean, Kantu Kolore musika taldeak haurrentzako berbena egingo du, herriko plazan. Segidan hasiko da Ilargi Beltza musika taldearen dantzaldia; 21:00ak arte arituko da taldea herriko plaza girotzen. 23:00etan, ordea, berriz igoko dira agertokira, eta beste hainbat doinu eskainiko dituzte goizaldera bitartean. 00:00etan egingo dute mozorro eta taberna apainketa lehiaketaren sari banaketa, herriko plazan.

Lehiaketarako izen ematea, zabalik

Ostiralean, otsailak 21, amaituko da helduen mozorro lehiaketan izena emateko epea. Parte hartzeko ezinbestekoa da 16 urte edo gehiago izatea, eta horretarako interesa duten herritarrek zein tabernek ostiralera bitartean eman ahal izango dute izena, udaletxeko harrera bulegoan. Lehiaketan parte hartzen duten taldeek eta norbanakoek 19:00etatik 20:30era artean eliza ataritik pasa beharko dute, epaimahaiak tarte horretan egingo baitu mozorroen balorazioa. Tabernetara, berriz, 20:30etik aurrera joango dira epaimahaikideak.

Hona hemen karnabaletako egitaraua:

Otsailak 21, ostirala:

  • 16:00etan, ikastetxeetako umeen kalejira.
  • 17:00etan, umeentzako merienda, herriko plazan.
  • Jarraian, umeentzako dantzaldia Oihan Vegarekin, herriko plazan.
  • 21:30etik 23:30era, 12-17 urte bitarteko gazteentzat mozorro lehiaketa eta Disko Festa DJ Xabi Fest-en eskutik. Sariak egongo dira.

Otsailak 22, zapatua:

  • 12:00etan, Txalkor txistulari taldearen kalejira.
  • 12:30ean, Azkoitiko Musika Bandaren eta Bizkargi musika eskolako banda txikiaren kalejira. 
  • 16:30etik 18:30era, Urolatarrak txaranga, herriko kaleetan zehar.
  • 18:30etik 19:45era, Kantu Kolore haur berbena.
  • 19:45etik 21:00era, Ilargi Beltza taldearekin dantzaldia, herriko plazan.
  • 23:00etan, Ilargi Beltza taldearekin dantzaldia, herriko plazan.
  • 00:00etan: mozorro lehiaketaren sari banaketa, herriko plazan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide