Ainhize Azpiazu: "Helduek ere helburuak eta ilusioak izan behar dituzte"

Maxixatzen.eus 2020ko ots. 19a, 11:00

Ainhize Azpiazu (Azkoitia, 1996) da Azkoitiko Kirol Orientazio Zerbitzuko arduradun berria. Bere egitekoa zein den azaldu eta lehen asteko balorazioa egin dio Urola Kostako Hitzari.

Hasteko eta behin, zer da Kirol Orientazio Zerbitzua?

Askok uste du zerbitzu honetara jotzen duten herritarrei ariketak egiteko esango diedala, baina hori ez da horrela. Azkoitiko kirol zerbitzuen orientatzailea izango naiz ni. Nigana etortzen den pertsonaren beharren, gustuen eta egunerokotasunaren arabera, era batera edo bestera bideratuko dut. Bizitza aktiboagoa izateko asmoarekin, pertsona batzuk taldeko jarduera fisikoetara zuzenduko ditut, eta beste batzuei, etxean egiteko ariketak emango dizkiet.

Entrenatzailea edo begiralea ez zarela garbi utzi behar da, beraz.

Ez naiz begiralea, ez. Pertsona bakoitzaren kasua aztertuta, zer ariketa egin ditzakeen ikusi eta horietara nola bideratu erabakiko dut. Nik ez dut inor ezer egitera behartuko; pertsonen babesa izango naiz. Askotan lehen urratsa da esertzea, hitz egitea eta pertsonen belarriak irekitzea. Haiekin dudan tratua gertukoa eta goxoa izango da, eta ez entrenatzaile batekin izan ohi denaren modukoa.

Zein da zure egunerokoa?

Goizez egiten dut lan, eta bulegoko telefonoa 09:00etatik 12:00etara dago martxan. Astearteetan, anbulatorioan egoten naiz medikuek eta erizainek bideratutako pazienteekin. Ostegunetan, berriz, Kultur Etxeko hirugarren solairuan norbere kasa iritsi diren herritarrekin hitzorduak ixten ditut, 10:00etatik 12:00etara. 688 76 39 63 telefonora edo koz@azkoitia.eus helbide elektronikora ere idaz dezake interesatuak. Gainontzeko egunetan, zerbitzura etorri diren pertsonen kasuak aztertzen ditut.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide