Irisgarritasunaren arloan egin beharreko lanak mahaigaineratu dituzte Udalak eta Azkoitia Lagunkoiak

Maxixatzen.eus 2020ko ots. 19a, 09:15

Azkoitia Lagunkoiak eta Udalak bilera egin dute, alde biek irisgarritasunaren inguruan dituzten hausnarketak plazaratzeko asmoz. Horrez gain, taldeak bilera egingo du bihar, Elkargunean.

Irisgarritasunaren inguruan aldeek dituzten hausnarketak partekatzeko asmoz, Udalak eta Azkoitia Lagunkoiak bilera egin dute gaur, asteartea, udaletxean. Obra eta Zerbitzuetako zinegotzi Imanol Arrizabalagak, Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi Janire Igoak eta Azkoitia Lagunkoiaren talde
sustatzaileko kide diren Maria Pilar Mugikak eta Mikel Etxanizek parte hartu duten saioan, eta irisgarritasunaren arloan herrian egin beharreko lanak mahaigaineratu dituzte. Udalak azpimarratu duenez, erakundearentzat "lehentasunezkoa" da irisgarritasuna, eta "ahalegin handia" egiten ari da arlo horretan; "ez bakarrik proiektu handietan, Floreagako igogailuen proiektua kasu, baizik eta kale eta bazter guztietan. Koskak kentzea, barandak ipintzea edota solte geratu diren baldosak konpontzea etenik gabeko lanak dira", esan du.

Bestalde, Azkoitia Lagunkoiaren helburu nagusia da herriko adinekoen parte hartzea sustatea "ingurune fisikoak hobetzeko asmoz". Hori hala, adinekoekin lagunkoia den ingurunean, "egiturak eta zerbitzuak irisgarriak" izateko lan egiten du.

Hilero elkartzen dira Azkoitia Lagunkoia egitasmoan parte hartzen duten kideak, eta gaur, asteazkena, otsaileko bilera egingo dute. Ohi bezala, Elkargunean bilduko dira, 18:00etan, eta antolatzaileek gogoratu dute batzarrak irekiak direla. Beraz, herritar oro gonbidatu dute han parte hartzera.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide