Maiatzean hasiko dituzte Aizpurutxoko oinezkoen pasabidea eta zubia eraikitzeko lanak

Maxixatzen.eus 2020ko ots. 18a, 13:19
GI-631 errepideko lehen faseko lanen maketa. (Azkoitiko Udala)

Gaur, asteartea, onartu du Gipuzkoako Foru Aldundiaren diputatuen kontseiluak Aizpurutxoko oinezkoen pasabidea eta zubia eraikitzeko lanak lehiaketara ateratzea. Maiatzean hasiko dira lehen faseko lanak, eta lau hilabeteko exekuzio epea izango dute horiek.

Joan zen urtean adierazi zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak Azkoititik Urretxura arteko GI-631 errepidea hobetzeko lanak egingo zituela 2020. urtean. Gaur, asteartea, onartu du aldundiko diputatuen kontseiluak obrak lehiaketara ateratzea, eta adierazi dute maiatzean hasiko direla Aizpurutxon oinezkoen bidea egokitzeko eta zubia eraikitzeko lanak egiten. Eider Mendoza Foru Aldundiko bozeramaileak azaldu duenezn, lan horien helburua "oinezkoen eta ibilgailuen trafikoak banatzea" da. "Gaur egungo errepidearen plataforman ezinezkoa da oinezkoen ibilbide segregatua egitea, luzera guztian ez baitago horretarako espaziorik”, azaldu du Mendozak. 341.000 euroko aurrekontua izango dute lanek (BEZ barne), eta lau hilabeteko exekuzio epea izango dute. Aldundiaren aurreikuspenen arabera, bigarren faseko lanak ere aurten aterako dituzte lehiaketara.

Lanei dagokienez, Erdikobenta eta Ibaiondo arteko errepidea mendi aldera mugituko dute, eta oinezkoentzat igarobidea egingo dute errepide bazterrean. Bestalde, Aizpurutxo baserriaren parean egun dagoen oinezkoen pasabidea ibaiaren beste aldera pasatuko dute, eta bi aldeak lotzeko zubi berri bat eraikiko dute. Horrez gain, beste hainbat hobekuntza egitea ere aurreikusten dute GI-631 errepidean: hala nola bideko segurtasuna hobetzeko hirugarren erraia eraikitzea nahiz hainbat bihurgune egokitzea.

3.300 ibilgailu igarotzen dira egunero GI-631 errepidetik, eta horietatik %10 ibilgailu astunak izan ohi dira. Ildo horretatik, Azkoititik Urretxura arteko ibilbidearen egokitzapena Urola Erdia bailarako herritarren "aldarrikapen historikoa" dela adierazi du Mendozak, besteak beste, Zumarragako ospitalera joateko bidea delako. Azkoitiko Udalak azaldu du "hobekuntza nabarmenak" ekarriko dituztela lanek, eta "eskualdeko biztanleen ongizatea" eta "tokiko enpresen lehiakortasuna" hobetuko dituztela.

Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak azaldu duenez, Azkoitia eta Urretxu lotzen dituen GI-631 errepidearen hobekuntzarekin, aldundiak Urola Erdia bailararekin zuen "konpromisoa bete" eta "zorra kitatzeko pausu garrantzitsua" eman dute. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide