Virginia Belategi: "Menopausiaz hitz egitea askatzailea da"

Maxixatzen.eus 2020ko ots. 18a, 11:30

Emakumeak ahalduntzeko tailerren barruan, menopausiari buruzko ikastaroa eskainiko du Virginia Belategik Azkoitian. Martxoaren 4an hasiko da, eta sei saio emango ditu guztira. 'Urola Kostako Hitza' egunkariak elkarrizketa egin dio Belategiri.

Menopausiaren inguruan dagoen iruditegia irauli, eta ikuspuntu positiboagotik jorratzen du gaia Virginia Belategi komunikazioan eta hezkuntza kontzientean adituak (Durango, Bizkaia, 1966). Garai hori ahalik eta ondoen bizitzeko orientabideak eskainiko dizkie emakumeei Azkoitian emango dituen saioetan, baina formazioaz haratago, meditazioa ere landuko dute. Hilaren 28ra artean eman daiteke izena ikastaroan, udaletxeko harrera bulegoan, 943-08 00 80 telefono zenbakian edo berdintasuna@azkoitia.eus helbide elektronikoan.

Zer azalduko duzu tailerrean?

Bi helburu ditu ikastaroak: batetik, menopausiak dakarren aldaketa prozesu horretan emakumeei tresnak eskaini nahi dizkiegu; bestetik, desmitifikatu egin nahi dugu sasoi horren inguruan dagoen iluntasuna.

Menopausia garaira iritsi nintzenean, ohartu nintzen ez nuela inolako informaziorik gaiaren inguruan, eta nire hausnarketa zera izan zen: “Gutxi gorabeherako formazioa eta ibilbidea izanda menopausiaren inguruan ezer ez badakit, gainerako emakumeak ere antzerako ibiliko dira”. Hori da tailerraren muina. Horrez gain, menopausiari egozten zaizkion arazoetako asko horri lotuta ez daudela erakutsi nahi dut, eta arazoak saihesteko ohitura osasungarriez ere hitz egingo dugu.

Beraz, saio praktikoak zein teorikoak egingo dituzue.

Hormonen inguruko atal bat badago, bakoitzak uler dezan garai horretan zer aldaketa izaten dituen. Baina saioak, batez ere, praktikoak dira: arlo fisikoan elikadura landuko dugu, eta psikikoan emozioak hobeto kudeatzeko tresnak emango ditugu.

Gizarteak zer mito eraiki ditu menopausiaren inguruan?

Mito nagusia da emakumeon ugalketa zikloa amaitzen denean feminitatea eta bizitzako esparru asko agortu egiten direla. Gutxietsi egin dugu garai hori, eta presio hori aurreko beulaunaldietan ez da egon; aurrekoek ez zuten halako presiorik beti eder, gazte eta martxan egoteko. Presioetatik aldendu eta menopausiak zer aukera eskaintzen dizkigun erakutsi nahi dugu. Saioetan, horretaz hitz egiten dugunean, kosta egiten zaigu ikustea menopausiak zer aukera dituen; asko ditu, ordea. Horiei etekina ateratzea da asmoa.

Jarraitu irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide