Juan Ramon Alberdi: "Ez nuen espero lehen saria jasotzea; sekulako bultzada izan da niretzat"

Maxixatzen.eus 2020ko ots. 18a, 09:30
Juan Ramon Alberdi, saria jaso zuen unean.

Etsipenaren tamaina ipuinarekin XXXVIII. Bizenta Mogel Ipuin Lehiaketako lehen saria eskuratu du Juan Ramon Alberdi idazle azkoitiarrak. Joan den ostiralean egin zuten sari banaketa ekitaldia, udaletxean. Alberdik urtean behin idazten du euskarazko ipuin bat, Bizenta Mogel lehiaketarako. 

Epaimahaiaren arabera, "istorio gordin bezain biribila" aurkeztu du aurten lehiaketara Alberdik. Neska gazte bat Erdialdeko Amerikan bahitu eta itsasontziz Euskal Herrira nola dakarten azaldu du liburuan idazle azkoitiarrak. Baso inguruko etxetxo batean giltzapetuta, prostituziora behartuko dute gero. Lau ediziotan, aurtengoa barne, iritsi da Juan Ramon Alberdi hiru finalisten artean egotera. "Gustura" agertu zen azkoitiarra lehen saria jaso ondoren. 

Urtero aurkezten al zara Bizenta Mogel lehiaketara?

Duela zortzi urte aurkeztu nintzen lehen aldiz, eta harrezkero, urtero eman dut izena.

Aurten, lehen saria jaso duzu. Zer esanahi du zuretzat?

Bai, gustura nago, batez ere ezustekoa izan delako. Azken urteetako joerari jarraituz, urtero egiten dut ipuin bat euskaraz, eta hori Bizenta Mogel ipuin lehiaketan aurkezteko izaten da. Lehiaketan maila handia dago, eta ez nuen espero lehen saria jasotzea; sekulako bultzada izan da niretzat.

Zer azaldu nahi izan duzu lanarekin?

Bi gauza azaldu nahi izan ditut. Batetik, protagonista nagusia emakumea izatea; izan ere, orain arteko lanetan oharkabean gizonezkoa jartzen nuen protagonista. Oraingoan propio jarri dut emakumea. Egoera larrian eta txarrean dago emakumea, eta bizi duen egoera errealitate gordin baten islada den moduan, azaldu egin behar nuela iruditu zitzaidan. Bestetik, adierazi nahi nuen justizia eta mendekua zenbateraino bereizi daitezkeen kasu batzuetan. Horiek izan dira azaldu nahi izan ditudan egoerak.

Zer iruditzen zaizu ipuin lehiaketen mundua?

Beharrezkoa da gure moduko idazleentzat, osterantzean ez baitago aukerarik. Ez dut denbora askorik, antropologia ikuspuntuko doktoretza egiten ari naizelako. Halere, aforismo batzuk egiteko eta euskarazko ipuinak egiteko hartzen dut denbora, euskaraz egindako lanak egon daitezen. Gure moduko pertsonentzat idazteko bidea eta motibazioa da lehiaketen mundua.

Zein generotan murgiltzen zara gehien?

Urtean behin idazten dut ipuina eta bururatzen zaidana egiten dut. Ez naiz genero zehatz batean zentratzen.

Lana aurkeztu aurretik lehen galbahea etxean pasatzen duzula esan zenuen saria jasotakoan.

Bai, horrela da. Emazteak eta seme zaharrenak beren iritzia ematen didate. Euskarri garrantzitsua da niretzat. Aurten, esaterako, emazteak esan zidan ipuineko protagonistaren izena ez zela hegoamerikar batek izan behar zukeena, eta hobe nuela aldatzea; bion artean aritu ginen izen berria asmatzen. Semeak, berriz, bere iritzia ematen dit. Aurtengoan, egia esan, nahikoa kritikatu du nire ipuina.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide