Ikasturteko bigarren mendi irteera egin dute herriko ikastetxeetako kideek

Maxixatzen.eus 2020ko ots. 17a, 18:00

Haizeak eraginda hasieran egin asmo zuten ibilbidea aldatu behar izan zuten irteeran parte hartu zuten kideek.

Atzo, igandea, ikasturteko bigarren mendi irteera egin zuten Xabier Munibe Ikastolako, Floreaga Salestar Ikastetxeko eta Bizilore Eskola Aktiboko kideek. Talde handia bildu zen mendi irteeran parte hartzeko, 90 lagun inguru.

Hasieran egin asmo zuten ibilbidea Itziar, Andutz eta Zestoa artekoa bazen ere, haize bolada handiengatik ibilbidea moldatu behar izan zuten. "Zuhaitz bat bidean erorita, mendi tontorrean haizea bultzaka eta jendea larri omen zebilen, Andutzeko gurutzera igotzea abentura gogorregia izan zitekeen guretzat eta batez ere umeentzat", azaldu dute irteeran parte hartu zuten kideek.

Taldean ingurua ondo ezagutzen zuten Bizilore Eskola Aktiboko itziartarrak zeudenez, Andutz mendia inguratzen zuen bidexka bat egitea proposatu zuten. Endoia aldera eramango zituen parte hartzaileak, hasieran egin asmo zuten ibilbidearen azken zatiarekin bat eginez. Azkenean bide hori egitea erabaki zuten, itziartarren gidaritzapean.

Andutzeko gurutzera igo ez arren, hori inguratzen duten basoetan, artadietako zuhaitz tuneletan, itsasoak eta mendixkek osatzen duten paisaian eta bidezidorretan ibili ziren. Endoia inguruan hamaiketakoa egin ondoren, Zestoara abiatu zen taldea, Erlo azkoitiarrentzat ohikoa ez den ikuspuntutik ikusiz. Sastarraineko bailaran zehar, Ekain kobazuloaren eta Lili Jauregiaren ondotik, ibilbidearen amaierara iritsi ziren. Autobusez egin zuten itzulerako bidaia. "Haizea bidelagun izan genuen ibilbide guztian, baina ez gintuen eraman"; azaldu dute parte hartzaileek. Mendi irteeren antolatzaileek azaldu dutenez, aurrerantzean maila guztietara zabalduko dute mendi irteeretarako deialdia Xabier Munibe Ikastolaren kasuan.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide