Bertan behera gelditu da Anaitasunaren partida, Eibarren atzeman dituzten gai toxiko altuengatik

Maxixatzen.eus 2020ko ots. 15a, 08:00
EIbarren aurkakoa Azkoitian jokatu zuteneko irudia. (Argazkia: Anaitasuna)

Anaitasuna futbol taldea Eibarren zen jokatzekoa gaur arratsaldean, baina Eibarko airean onartutakoa baino 40-50 aldiz dioxina eta furano maila handiagoa atzeman dute, eta kirolik ez egitea gomendatu dute. 

Anaitasuna futbol taldeak Eibarren gaur 18:00etan jokatu behar zuen neurketa bertan behera gelditu da. Dioxina eta furano maila handiak topatu dituzte Eibarko Unbe futbol zelaiaren inguruan. Zaldibarren joan zen ostegunean —otsailak 6— jausi zen zabortegiko plastikoen erreketak eragin du airean gas horien presentzia. Airearen neurketa otsailaren 9an egin zuten, eta atzo jaso zuen emaitza Eusko Jaurlaritzak; dioxina tasak zentro urbano batean egon ohi direnak baino 40-50 aldiz handiagoak dira.

Hori horrela, aholku batzuk eman dituzte, eta horien artean da kanpoan ariketa fisiko handirik ez egiteko gomendioa. Kirolik ez egiteko aholkuak eragina izan du Anaitasuna futbol taldearentzat. Gaur jokatu behar zuen futbol zelaia zabortegitik 2 kilometro eskasera dago eta Gipuzkoako Futbol Federazioak bertan behera uztea erabaki du, "prebentzio arrazoiak tarteko". PVCa eta bestelako hondakinak erretzean aireratzen dira dioxinak. Gorputzean metatzen direnez, arriskutsuak izan daitezke eta denbora luzea behar du gorputzak hura kanporatzeko. Momentuz ez dute jakinarazi Eibarrek eta Anaitasunak jokatu beharreko neurketa noiz eta non jokatuko duten. 15 kilometro ingurura dago Zaldibarko zabortegia Azkoititik.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide