Banatu dituzte XXXVIII. Bizenta Mogel Ipuin Lehiaketaren sariak

Aurtengo hiru sariak Azkoitian gelditu dira: Juan Ramon Alberdik irabazi du lehiaketa, Miren Beneitezek lortu du bigarren saria eta Marta Alberdik hirugarrena.

Atzo, ostirala, banatu zituzten XXXVIII. Bizenta Mogel Ipuin Lehiaketaren sariak, baina ez dira urrutira joan, aurtengo hiru lan sarituak azkoitiarrek idatzitakoak izan baitira. Juan Ramon Alberdik jaso zuen lehiaketaren lehen saria, Miren Beneitezek bigarrena eta Marta Alberdik hirugarrena. Guztira, 27 lan aurkeztu dituzte Azkoitiko Kultur Elkarteak antolatzen duen lehiaketaren 38. ediziora, eta horietatik zazpi izan dira azkoitiarrek idatzitakoak. 

Juan Ramon Alberdik Etsipenaren tamaina ipuina aurkeztu du lehiaketara. Epaimahaiari bere lana hautatzeagatik "eskerrak" eman zizkion Alberdik, baina azaldu zuen gainerako lanak ez zirela lehen saritik "urruti" ibiliko. Etxekoei ere eskerrak eman zizkien idazleak. "Nire lanaren lehen galbahea etxean pasatzen dut. Emazteak eta seme zaharrenak beren iritzia ematen didate. Euskarria edo segurtasuna da niretzat", azaldu zuen lehiaketaren irabazleak.

Segidan, ordea, ipuinari buruzko bi gogoeta egin zituen Alberdik. Batetik, urtean behin idazten du ipuina, Bizenta Mogel lehiaketara aurkezteko. "Jabetu nintzen protagonista nagusia beti gizonezkoa izaten zela; oharkabean egindako gauza zen. Oraingoan, propio, emakumea jarri dut. Egoera larrian eta txarrean dagoen emakumea da protagonista. Bestetik, ipuinean protagonistak bizi duen egoera errealitate gordin baten islada den moduan, iruditzen zait azaldu egin behar dela", azpimarratu zuen. Bestalde, justiziaren eta mendekuaren inguruan hitz egin zuen Alberdik. "Justizia eta mendekua banatzen dituen lerroa lausoa izaten da askotan. Hori ezabatu eta biak elkar bat egin dezaketen unea zilegia den edo ez galdetu nahi dut", esan zuen.

Saritutako bigarren lana Miren Beneitezen Iluntasunean barrena ipuina izan zen. Beneitezek eskerrak eman zituen bere lana hautatuen artean delako. "Niretzat ezustekoa izan da, azken unean erabaki dudalako; hiru edo lau egunen faltan anaiak esan zidan ipuin lehiaketa zegoela, eta aurkeztea pentsatu nuen", azaldu zuen Beneitezek. Adineko pertsonekin lan egindakoa dela esan zuen sarituak, eta horren inguruan idatzi nahi zuela. "Kasu asko ikusten dira, menpekotasun asko, fisikoak eta mentalak. Mentalen artean, kuriositatea sortu didan gaia da alzheimerra. Horren inguruan idatzi dut, alzheimerra duen pertsona baten egunerokotasunean oinarrituta. Espero dut gustukoa izatea", adierazi zuen bigarren sarituak.

Marta Alberdiren Noraezean ipuinari hirugarren saria eman zioten. Udalari eta etxekoei eskerrak emanda hasi zuen hitzartea Alberdik. Bere ipuinari buruzko xehetasunak azaldu zituen segidan. "Protagonista Laia da, 19 urte ditu, gauza asko pasa zaizkio azken urtean, eta ipuinaren hasieran bere bizitzaren une kritikoan dago", azaldu zuen. Irakurketa arintzeko asmoz, hasieran aurkeztu ditu Alberdik ipuineko pertsonaiak. Ipuina irakurtzen hasten dena bukaeraraino iristea nahi izan dut, baita irakurleari kezka sortzea ere. Gaur egungo gaiak sartu ditut, eztabaidatu beharreko gaiak dira, edozein familiatan gerta daitezkeen egoerak baitira", gehitu zuen hirugarren saria eskuratu zuen idazleak.

Javier Zubizarreta alkateak lehiaketako parte hartzaile guztiak zoriondu zituen hitza hartuta, ipuinak eta istorioak "ezeren truke oparitzeagatik". Era berean zoriondu zituen hiru irabazle azkoitiarrak: "Gaur jasotako sariak balio diezazuela idazten jarraitzeko, sormena ahuldutakoan indarrak berreskuratzeko, herriari eta munduari ipuinak oparitzeko eta irakurleak idazlearekiko duen zorra arintzeko", adierazi zuen alkateak. Azkoitiko Kultur Elkarteari, bestalde, eskerrak eman zizkion lehiaketaren aldeko apustua egiteagatik eta epaimahaia osatzeagatik. "Zuen guztion laguntzarekin Azkoitian gogoan dugu Bizenta Mogel euskarazko lehen emakume idazlea, literaturaren historian dagokion tokia emanez. Lagundu dezala lehiaketa honek etorkizunean ere euskal literatura aberasten eta euskaldun irakurleok harro egoten geure idazleez eta beraien lanez", azpimarratu zuen. 

Mikel Sudupe Azkoitiko Kultur Elkarteko eta epaimahaiko kidea ez zen xehetasunetan murgildu, eta ipuin bakoitzaren laburpentxo bat egin zuen. "Ondo dago hiru herritarren kontakizunen nondik norakoak azaltzea", adierazi zuen. Era berean, zoriondu egin zituen parte hartzaile guztiak, bereziki saritutako hiru azkoitiarrak. "Pozgarria da lehen hiru sailkatuak azkoitiarrak izatea", azaldu zuen Sudupek.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide