Bolada desberdinetan murgilduta jarraitzen dute Anaitasuna futbol taldeko neska-mutilek

Maxixatzen.eus 2020ko ots. 11a, 12:40
Asteburuan Eibarren aurka jokatuko dute mutilek. (Argazkia: Anaitasuna)

Mutilen taldeak bi eta huts menderatu zuen Urola taldea; neskek galdu egin zuten Aurrera Vitoria taldearen aurka.

Asteburu gazi-gozoa izan da joan dena Anaitasuna futbol taldearentzat. Mutilek garaipenaren bideari eutsi zioten zapatuan Zumarragako Urola taldeari etxean bi eta huts irabazita. Neskek, berriz, garaipen bakarra eskuratu dute urtea hasi zenetik; bat eta bi galdu zuten Gasteizko Aurrera Vitoria taldearen aurka etxean.

Mutilek bolada onari eustea lortu zuten zapatuan, Txerloian, Urola taldea bi eta huts menderatuta. Mikel Arzalluz aurrelaria izan zen beste behin taldeko protagonista. Taldeko golegile nagusiak bi gol egin zituen zumarragarren aurkako neurketan. Aurreko astean bezala jarraitzen du Xabier Artetxeren taldeak sailkapenean, Eibar liderragatik hiru puntura. Hain zuzen ere, asteburuan elkarren aurka jokatuko dute lehen bi sailkatuek Eibarko Unbe zelaian.

Euskal Ligako nesken taldeak, bestalde, garaipena eskuratu ezinik jarraitzen du. Ez du irabazterik lortu Hernaniren aurka urteko lehen asteburuan irabazi zuenetik; hiru berdinketa eta bi porrot jaso dituzte neskek azken bost asteburuetan. Joan den zapatuan, Aurrera Vitoria taldea jaso zuen San Juan zelaian, eta bat eta bi galdu zuten. Maria Juaristik aurretik jarri zuen taldea, baina gasteiztarrek markagailua iraultzen asmatu zuten. Sailkapenaren erdialdean kokatuta jarraitzen du Gorka Zubizarreta entrenatzaileak gidatzen duen taldeak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide