ISBren talde nagusiek galdu egin dute Azkoitian

Maxixatzen.eus 2020ko ots. 10a, 11:05
AƱares Rioja ISBko neskak, Elkargunean. (Argazkia: ISB)

Azkoitiko kiroldegian jokatu zituzten partidak Juaristi ISBk eta Añares Rioja ISBk. Juaristik zapatuan puntu bategatik galdu zuen UBU Tizona taldearen aurka. Añares Rioja ISBk, berriz, porrot garbiagoa jaso zuen atzo Celta Zorka Recalvi taldearen aurka. 

Juaristi ISBk eta Añares Rioja ISBk ezin izan zuten garaipenik eskuratu Azkoitiko Elkargunean. Mutilek zapatuan jokatu zuten UBU Tizona arerio zuzenaren aurka, eta 71-72 galdu zuten. Lehen laurdenean 19-11 aurreratu zen taldea, eta atsedenaldira 35-31 aurretik iritsi zen Juaristi ISB. Hirugarren laurdena ere aurretik amaitu zuen ISBk, baina azken laurden estu batean Burgosko taldeak eraman zuen garaipena. Javaughn Powell izan zen Juaristi ISBko saskiratzaile nagusia, 16 punturekin. Porrotaren ostean, UBU Tizona da orain sailkapeneko liderra. Juaristi ISB bigarren postuan da, garaipen batera.

Igandean, berriz, Añares Rioja ISBren txanda izan zen Elkargunean. Ezin izan zuten neskek Celta Zorka Recalvi taldea mendean hartu; 66 eta 83 galdu zuten norgehiagoka ISBko neskek. Lehen hiru laurdenetan Celta nagusitu zen; azkenengoan, berriz, ISB, baina ez zitzaizkion lortutako puntuak aski izan neurketa irabazteko. Jaisa Nicole Nun izan zen etxeko saskiratzaile onena, 25 puntu batu baitzituen. Sailkapeneko bederatzigarren postuan da gaur egun Azpeitiko eta Azkoitiko taldea.

 
 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide