Harakin berriek lanerako bidea hasi dute

Maxixatzen.eus 2020ko ots. 7a, 13:44
Ikastaroa egin duten ikasleak, erakundeetako ordezkariak eta ikastaroan irakasle jardundakoak.

'Harakintza eta haragi produktuen elaborazioa' formazioko lehen promozioko ikasleek atzo, osteguna, jaso zituzten ziurtagiriak Zestoako Sansinenea industrialdeko KM0 enpresaren egoitzan. Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Saileko, Haziko, KM0ko, Azpeitiko Lanbideko, Urkomeko eta Iraurgi Berritzeneko ordezkariek parte hartu zuten ekitaldian.

Harakingintza industriaren pertsona kualifikatuen eskaerari erantzuteko eta langabezian zeudenei lan munduan sartzeko aukera emateko asmoekin sortu zuten ‘Harakintza eta haragi produktuen elaborazioa’ formazio ikastaroa. Lehen promozioko hamabi ikasleek atzo, osteguna, jaso zuten ikasketak egin izanaren ziurtagiria; tartean, Azkoitiko eta eskualdeko hainbat pertsonak.

Guztira, 510 orduko formazio ikastaroa egin dute ikasleek, eta horietatik gehienak dagoeneko lanean hasita daude. Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien politikako sailburordeak, Maria Jesus Etxaniz Azpeitiko Lanbideren bulegoko zuzendariak, Patxi Aldasoro KM0 kooperatibako zuzendariordeak, Haziko kideek, Urkomekoek eta Iraurgi Berritzenekoek parte hartu zuten ziurtagiriak banatzeko ekitaldian.

Era honetako formazio saioak aurrera eramateko erakunde publiko eta pribatuen arteko elkarlanaren garrantzia nabarmendu zuten guztiek. Era berean, lehen sektoreko industriaren garrantzia azpimarratu zuten, eta formazioa bukatu duten ikasleak zoriondu zituzten.

Ikastaro berri bat martxan

Ikastaroak izandako harrera ikusita, erakundeek eta enpresek prestakuntza jarduerarekin jarraitzea erabaki dute. Hain zuzen ere, ikastaro berri bat jarri dute martxan, eta sei hilabete barru amaituko da. Aurreko edizioan bezala, ekimenaren helburua da langabeen edo gizarte bazterketa jasateko arriskuan dauden pertsonen enpleagarritasuna hobetzea eta laneratzea sustatzea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide