Gazteen bidelagun hezitzaileak

Maxixatzen.eus 2020ko ots. 25a, 09:00

Hamabost urte beteko dira aurten Azkoitiko Udalak Kale Hezitzaile programa martxan jarri zuenetik. Gizarte bazterkeria jasateko arriskuan dauden gazteengana iristea eta horiei erantzutea da programaren egitekoa. Egitasmoa barrutik ezagutu asmoz, kale hezitzaileekin zein Azkoitiko Udaleko arduradun politikoekin eta teknikoekin bildu da Maxixatzen.

2005az geroztik da martxan Azkoitian Kale Hezitzaile programa. Babesgabetasun egoeran edo arriskuan egon daitezkeen adingabeekin esku hartzeko sortu zuten egitasmoa, horiek gero espazio komunitario normalizatuetara bideratzeko. Hamabost urtez landu dute programa herrian, eta orain proiektuak bere espazio propioa du Berdura Plazan. Arantzazu Izagirre (Azkoitia, 1983) eta Miren Elorza (Azkoitia, 1983) dira Azkoitiko Kale Hezitzaile programako hezitzaileak. Programa Azkoitian abian jarri zenetik dira biak hezitzaile, eta beraien egitekoa da behar bereziak dituzten gazteei laguntzea. Azaldu dutenaren arabera, "sozializatzeko arazoak" dituzten gazteei laguntzen diete gehienbat programan.

Gurasoekin, familiekin eta ikastetxeekin koordinatuta laguntzen diete gazteei bidea egiten hezitzaileek. Astean, batez beste, hamabost lagun biltzen dira Berdura Plazako gunean. Kopuruak gora egin du azken urteetan. Izaera propioa edukitzeak eta kale hezitzaileen profila "garbiagoa" izateak horretan lagundu duela uste dute hezitzaileek. 10 urtetik 23 urtera bitarteko gazteekin dihardute lanean. Lehen, 18 urtera arteko epea zuen programak, baina zenbait aldaketa egin dizkiote egitasmoari, eta orain 23 urtera arte luzatu dute. Iñaki Lasa (Bergara, 1986) Udaleko Gizarte Zerbitzuetako arduradun teknikoaren hitzetan, adin tarte horretako gazteek ere behar dute programaren "laguntza".

Hezten laguntzeko ekintzak

Gazteen bidelagun izateko hamaika ekintza antolatzen dute hezitzaileek. Behar duten guztian laguntzen diete gazteei: lagunartea sortzen, etxeko arazoez hitz egiten, zalantzak argitzen edota eskolako lanak egiten. Guztiaren gainetik, ordea, prebentzioa, jarrerak, balioak eta errespetua lantzen dituzte. "Gazteen beharrak asetzen saiatzen gara, baina bereziki, bakarrik ez daudela sentiarazten", diote. Hezitzaileen lana helburu bakar batera dago mugatuta: helburu hezitzailea. "Gure asmoa ez da ondo pasatzea, ezta ekintzetan jende askok parte hartzea ere. Gure asmoa da gazteek dituzten beharretara egokitutako ekintzak antolatzea eta horiek egitea", diote bi hezitzaileek. Eta guztia hitzez egiten dute. "Aisialdiko ekintzak egiten ditugu: eskulanak, tailerrak, bideo-jolasak... Horrela gazteak ezagutzen ditugu; hiru bat hilabetean egiten dugu gazteen ezagutza prozesua", azaldu dute Miren Elorzak eta Arantzazu Izagirrek. Behin gazteen egoera ezagututa, pertsona horrek beharrak dituen edo ez ikusten dute. Behar horiek asetzeko, berriz, talde proiektuak dituzte programan. "Proiektu bakoitzean helburu zehatz batzuk lantzen ditugu. Pertsona batek premia duela antzematen badugu, pertsona hori berarentzat modukoa den taldean sartzen dugu", adierazi dute hezitzaileek. Lan hori "profesionalagoa" dela aitortu dute, pertsona horientzako helburu, ordutegi eta ekintza "zehatzagoak" dituztelako. Talde proiektuak egunerokotasunean lantzen dituzte, baina horrez gain, banakako proiektuak ere badituzte gazte batzuek. Inguruko eragileekin koordinatzen dira kasu horietan, besteak beste, ikastetxeekin edo osasun zentroekin.

Programaren gunetik kanpo ere jarduten dute bi kale hezitzaileek, izan ere, kalerako ordu batzuk izaten dituzte. "Gazteen gune naturalak zein diren ezagutzen dugu, gazteak nondik eta nora mugitzen diren jakiten dugu", azaldu dute. Horrez gain, aitortu dute kalea "gazte berriak ezagutzeko aukera" dela.  "Herria guneka dugu banatuta, eta gune bakoitzean egoten gara ordu finko batzuetan, gazteak ikusi, eta gure presentzia behar bada, gune horretan gehiago egoteko", adierazi dute bi azkoitiarrek. Hezitzaileek azaldu dute orain Artxamendi Topalekuaren inguruan ibiltzen direla gazteak, eta ekintzak han antolatzen saiatzen direla. Halere, kezkaz nabarmendu dute gero eta gazte gutxiago ibiltzen dela kalean, sare sozialetan nahiz bideo-jokoetan ibilitzen direlako edota eskolaz kanpoko ekintzak dituztelako.

Espazio propioa

2017an erabaki zuen Azkoitiko Udalak zerbitzua handitzea. Janire Igoa (Azkoitia, 1992) Ongizate zinegotzia da Azkoitiko Udalean, eta bere iritziz "finkatuta" dago Kale Hezitzaile programa. "Sendo" saretutako programa da haren hitzetan. "Gazteria Zerbitzua, Artxamendi Topalekua, Abarketatxo ludoteka eta herriko ikastetxeak daude programaren bueltan, Gizarte Zerbitzuez gain; eta nola ez, gurasoak ere bai. Agian, eragile gehiago sar daitezke, baina sare sendoa da", azaldu du Igoak. Guztien arteko koordinazioa, gainera, "ona" dela dio zinegotziak, eta esku-hartzea behar den kasuetan, informazioa partekatzen dutela. Bulegoa Berdura Plazara lekualdatzea "apustu sendoa" izan zen Igoarentzat. "Udalak benetan premiazkoa zela ikusi zuen programak espazio propio bat izatea, konfidentzialtasuna eta kalitatezko harremana bermatuko zituelako", nabarmendu du hark.

"Taldean guztiok ikusi genuen zerbitzua handitzeko premia zegoela. Gizarte Zerbitzuetako programa da, bere identitate propioa du eta bere espazioa", azaldu du Lasak. Haren arabera, gazteak "identifikatuta" sentitzen dira Kale Hezitzaile programak Berdura Plazan duen gunearekin, eta horrek lagundu egiten du "jendea programara atxikitzen" eta egitasmoa bera normalizatzen. "Kale heziketa ez da soilik kalean ekintzak egitea; garrantzitsua da gazteek espazio konkretu bat identifikatzea", adierazi du Lasak. Izan ere, teknikariarentzat kale heziketa programa ez da soilik gazteek dituzten beharrak arintzeko egitasmoa. "Zailtasunak eduki ditzaketen gazteak testuinguru normalizatu batera eramatea da programa honen asmoa", erantsi dio aurreko esaldiari.

Berdura Plazako Kale Heziketa programaren guneko ateak irekita izan ohi dira asteartetik ostegunera bitartean, 16:00etatik 20:00etara. Astearteko lehen bi orduak taldeko proiektuak aurrera eramateko baliatzen dituzte; 18:00etatik 20:00etara, berriz, gunean egoten dira. Asteazkenetako lau orduetan talde proiektuak lantzen dituzte; ostegunetan, bestalde, kalerako baliatzen dituzte lau orduak. 
"Gazteek zerbaiten beharra sentitzen badute, banaka zein taldeka, badakite non aurkituko duten laguntza", azpimarratu du Igoak. Lasarentzat, berriz,  "ezinbesteko zerbitzua" da Kale Hezitzaile programa. Elorza eta Izagirre hezitzaileak irekita daude seme-alabengan gurasoek izan ditzaketen kezken inguruan hitz egiteko. Horretarako dituzte, alde batetik, kalelorratz@gmail.com helbide elektronikoa, eta bestetik, 688 61 81 12 telefono zenbakia.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide