Uemako koordinatzailea

Miren Segurola: "Udalak euskalduntzen ari ginen bitartean, udalerriak erdaldundu egin dira"

Maxixatzen.eus 2020ko ots. 27a, 09:51
Miren Segurola.

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko koordinatzailea da Miren Segurola (Azkoitia, 1975). 2003an hasi zen lanean azkoitiarra Ueman, eta ordutik euskararen normalizazioaren aldeko hainbat proiektutan sartuta ibili da buru-belarri. Euskararen arnasguneen egoera, Uemaren etorkizuneko erronkak eta Azkoitiko euskararen egoeraz aritu da, besteak beste.

1991n sortu zen Uema. Ordutik gaur egunera arte, zer bilakaera izan du?

Hamalau udalerri txikik sortu zuten Uema 1991. urtean, Aizarnazabalen. Uema sortzeko beharra ikusi zuten udalerri horiek, bertan bizitza sozial guztia euskaraz egiten zutelako, baina administrazioarekiko zuten harremana gazteleraz izaten zelako. Udalarekin zuten funtzionamendua gaztelerazkoa zen, eta Euskal Herrian Euskarazek (EHE) Udalerri Euskaldunen Mugimendua sortu zuen. Kezka horretatik abiatu zen Uema, euskararen normalizazioaren alde udal horietan zerbait egin behar zela ikusi zutelako, eta urte hauetan guztietan sekulako lana egin du mankomunitateak udalen euskalduntze prozesuan. Konturatu gara, ordea, udalak euskalduntzen ari ginen bitartean, udalerriak erdaldundu egin direla. Beraz, udalerri euskaldunen bilakaera aintzat hartuta, Uemak bere ildoa egokitu behar izan du udalerri euskaldunak euskaldun mantentzeko.

Nolakoa da une honetan Uemaren osasuna?

Momentu honetan, Uemaren osasuna oso ona dela esango nuke. Egun, 87 udalerri daude Uemaren barruan, eta ni hasi nintzenean, 60ra ere ez ginen iristen. Guztira, 138 dira Hego Euskal Herrian Uemara sartzeko baldintzak betetzen dituzten udalerriak. 2021. urtea heltzerako, Uemaren barruan ehun udalerri egon daitezen nahiko genuke. Alderdien arteko mesfidantzak gaindituta daude, eta udalerri euskaldunetan hainbeste urtetan teknikoki egindako lanari esker jaso dugun esperientziarekin, udalerrietan zerbitzu tekniko indartsua ematen dugula iruditzen zait; egitasmo oso interesgarriak lantzen dira herri euskaldunen eta arnasguneen ikuspegitik.

Uemak ehun udalerri izatera heltzea duela helburu esan duzu. Azkoitia izan al daiteke udalerri horietako bat?

Zalantzarik gabe, dugun helburuetako bat Azkoitia Uemako kide izatea da. Urola Kostan Azkoitia eta Aia dira Uemako kide ez diren udalerri bakarrak. Hezkuntza proiektu bat dugu herritarrak ahalduntzeko, eta Azkoitian ere ari gara garatzen. Duela urte batzuk Urola Ikastolak Azpeitia eta Azkoitia hartzen zituen, eta bi herrietan garatu genuen hezkuntza proiektu hori. Azkoitia Ueman ez zegoenez, zerbitzu enpresa baten gisa eskaintzen genien proiektua azkoitiarrei. Gure nahia litzateke hezkuntza proiektu integrala eskaintzea Azkoitiko ikasleei ere, Haur Hezkuntzatik hasi eta Batxilergoraino, baita Uemak beste udalerrietan martxan dituen egitasmoak Azkoitian lantzea ere. Batxilergoan egin ditugun tailerrek oso erantzun positiboa izan dute, eskolek proiektu horrekin jarraitzea nahi dute. Ueman sartzea erabaki politiko bat da, ordea. Guk Azkoitiko Udala agintaldi hasieran gonbidatu genuen Uemara.

Zein baldintza bete behar dira Ueman sartzeko?

Euskararen indizeak (euskaldunen eta ia euskaldunen baturaren erdia) %70etik gorakoa izan behar du. Horrez gain, tokian tokiko Udalbatzak gehiengo osoz erabaki behar du Ueman sartzea.

Zer ekarpen egingo lioke Azkoitiari Ueman sartzeak?

Uemak bi funtzio ditu. Batetik, arnasguneen perspektiba lantzen duen erakunde bakarra da. Azkoitia udalerri euskalduna izanik, Udalari berari interesatu beharko litzaioke Uemaren parte izatea, besteak beste, bere interesak defendatzen dituelako, udalerri euskaldunen behategia garelako, udalerriko kezkak beste administrazioekin elkarbanatzen ditugulako eta abar. Bestetik, Azkoitiari eskain diezazkiokegun zuzeneko zerbitzuak udalerri euskaldunetara zuzendutakoak dira. Uemak jorratzen dituen egitasmoak udalerri euskaldunen izaerari eta horiek behar duten diskurtsoari lotuta lantzen ditu. Honako hauek dira lantzen ditugun proiektuak: hezkuntza proiektua, merkatariekin elkarlana eta laguntza eskaintzea, udaletako aholkularitza eta ikastaroak, euskara ikasten ari direnentzat motibazio tailerrak, familia transmisioari lotutako ekintzak edota nazio mailan beste erakunde batzuekin —Osakidetza, finantza erakundeak— egiten ditugun lanketak.

Zeintzuk dira Uemaren gaur egungo erronka nagusiak?

Hiru ildo nagusi ditugu. Lehena da udalerri euskaldunetan oraindik ere euskaraz bizitzeko dauden hutsuneak gainditzea, eta arlo horretan, udalen euskalduntzea lantzen dugu. Horrez gain, herriko arlo pribatuko beste hainbat esparru euskalduntzea ere bilatzen dugu. 
Bigarren ildoa herritarren ahalduntzea da. Azken finean, udalerri euskaldunak euskaldun badira, euskal hiztun komunitateak hala erabaki duelako dira, baina euskararen arnasguneak oso hauskorrak direla iruditzen zaigu. Gu beti gara euskaltzaleak, baina modu inkontzientean, horrela jaso dugulako. Ahalduntze prozesu hori garatzea gure aldetik estrategikoa da, edozein aldaketaren aurrean komunitate horrek euskarari helduko badio. Hori dela eta, ildo horri garrantzi berezia ematen diogu, euskal komunitatea trinkotzera eta ahalduntzera begira. Inertziatik kontzientziara salto egitea da, nolabait.

Hirugarren ildoa udalerri euskaldunen zaintza da, eta horren barruan, udalerri euskaldunen errealitatea aztertzen dugu; azterketa soziolingusitikoak, sozioekonomikoak eta abar egiten ditugu, udalerri horietan zer gertatzen ari den jakiteko. Horrez gain, zaintza deitzen diogun horren barruan ikusten dugu gure herrietan garatzen ari diren proiektuek zer eragin duten hizkuntzan. Eragin Linguistikoen Ebaluazioa (ELE) sortu genuen proiektu horien eragina neurtzeko eta kaltegarria den kasuetan neurri zuzentzaileak ezartzeko, kalte hori ez dadin hain handia izan. Hizkuntza eta Lurraldea jardunaldiak egin genituenetik gaur arte, lortu dugu eragin linguistikoen ebaluazioa derrigorra izatea EAEko Udal Legean, bai herri euskaldunetan, bai gainontzekoetan. Guretzat sekulako aurrerapausoa izan zen hori. Orain, prebentziotik garapenera pasatu nahi dugu, baina hizkuntzarekiko jasangarria den eredu baten bidez.

Gazteei zuzenduriko hainbat ekintza ari da garatzen Uema. Udalekuak, tailerrak… Zergatik?

Gazteen dinamika ez da abiatzen gazteen euskararen erabilera beheraka ari delako, hainbat herritan egoera hori den arren. Uemak gaur egun duen errealitatearen arabera, oso egoera ezberdinetan dauden udalak daude; batzuk benetako arnasguneak direnak, eta beste 
batzuk ezagutza maila oso altua dutenak, baina erabilerari dagokionez ez direnak arnasguneak. Gazteria proiektua sortzean, gazteak ahalduntzean pentsatu genuen, eta udalekuen helburua da udalerri euskaldunetako gazteak batzea eta beren artean ahalduntzea eta sareak sortzea. Gune batzuetan egitasmoa eta diskurtsoa moldatu egiten dira; hau da, erabilera jaisten ari den guneetan 
hizkuntza aktibaziorako ere erabiltzen dira egitasmo horiek.

Nolakoa da udalerri euskaldunen bilakaera?

2014. eta 2015. urteetan egin genuen udalerri euskaldunen bilakaera soziolinguistikoaren azterketa, eta nahiko datu kezkagarriak utzi zituen azterketa horrek. Eusko Jaurlaritzaren datu ofizialetan euskararen ezagutzak, etxeko erabilerak eta lehen hizkuntzak beheranzko joera dute; bilakaera negatiboa da denetan. 2016an, ordea, beheranzko joera orokorra eten zen. Kontua da 2011. eta 2016. urteetako datu soziolinguistikoak ez direla metodo berarekin neurtu. 2021ean aterako dira hurrengo datuak, eta hor ikusiko dugu joera orokorrak beheranzkoa izaten jarraitzen duen ala ez. Udalerri erdaldunetan, aldiz, egoera bestelakoa da; euskal hiztunen kopurua gorantz doa, baina, agian, hobeto da Bilbon mila euskaldun irabaztea baino, Orexan [Gipuzkoa] hamar ez galtzea. Berrindartzen eta birsortzen ari den euskara eta erabiltzen dena herri euskaldunetakoa da, eta udalerri erdaldunetan euskararen ezagutza igotzen ari da, baina erabileraren igoera apala da.

Zein dira euskararen erabilera jaistearen faktore nagusiak?

Ez dago faktore bakarra. Guk Ondarroaren eta Bermeoren [Bizkaia] arteko alderaketa bat egin genuen, bi herrietan euskararen ezagutza datuak oso antzekoak direlako eta erabilerak ez duelako zerikusirik. Bermeon, euskararen erabileraren jaitsiera nabarmena da, eta Ondarroan, aldiz, erabilera mantendu egin da. Azterketa kualitatiboak egin ziren, eta horien arabera, faktoreetako batzuk erreferente falta eta herriko eragileen hutsunea izan daitezke. Jendea inguruko zein herritara mugitzen den ere garrantzitsua da. Ondarroarrak oso harro daude euskaraz egiteaz, eta ez dute beraien burua ulertzen euskaraz ez bada. Bermeon, aldiz, ez da horrelakorik gertatzen.

Zein da arnasgune diren herri horien garrantzia?

Arnasgune diren herriak eredu dira hizkuntza normalizazioa helburu dutenentzat. Hizkuntza bizirik dago leku horietan, eta egunero egokitu eta bizirik mantentzen da. Udalerri horietan, hizkuntza modu naturalean transmititzen da belaunaldiz belaunaldi, eta udalerri euskaldunetako herritarrek euskara transmititzen dute kanpora doazenean ere. Plangintza integral bat behar da herri guztientzat, baina arnasguneek beste trataera bat behar dute izan, horien garrantzia konfirmatuta dagoelako. Denbora osoan beste hizkuntza batekin talkan dagoen hizkuntza txikia galtzen ateratzen da beti. Mikel Zalbidek esaten zuen moduan, askoz hobeto da hilda dagoen bat pizten saiatzea baino bizirik dagoena mantentzea. Arnasguneek sekulako papera joka dezakete, horietako hiztunak kontziente ez badira ere.

Nola ikusten duzu euskararen egoera Azkoitian?

Azkoitian, beste udalerri euskaldun guztietan bezala, egoera adi egotekoa da. Faktoreak ez ditugu alde. Euskara ez dakien gero eta herritar gehiago dago, kultur kontsumo ohiturak asko aldatu dira eta gu erdararekiko urrunago bizi ginela esango nuke. Gaur egun, ordea, 5 urte betetzerako umeek badakite gazteleraz hitz egiten. Egoera adi egotekoa da, eta zaindu egin behar da azken urteetako joerei erreparatuta. Azken erabilera datuetan, aurrekoekin alderatuta, goranzko joera ageri da, baina kale erabilera neurketak asko alda ditzake edozein txikikeriak. Ikusi beharko litzateke beste azterketa bat eginda erabileraren joera goranzkoa den ala ez. Azkoitiar gazteekin gai hauei buruz hitz egin dugu Batxilergoko tailerretan, eta beraiek ere kezka hori partekatu dute gurekin. Haien arabera, gaztelania gehiago entzuten dute kalean, batik bat, haurren eta helduen artean. Beraien pertzepzioa hori da. Dena den, gazteen artean ikusten da kezka eta egoera aldatzeko gogoa dagoela, eta hori positiboa dela uste dut.

Euskalkien eta euskara batuaren aferak hautsak harrotzen jarraitzen du. Zer iritzi duzu?

Biak dira beharrezkoak. Euskara batua ezinbestekoa da euskararen normalizaziorako, hizkuntza komun batek egon egin behar du Euskal Herrian, euskalkiak elkarrekiko oso desberdinak direlako, besteak beste. Halere, euskalkiak indartu egin behar dira tokian-tokian, euskalkia oinarri izanda erabilera handitu egiten delako. Euskara batua erabiltzen duten hiztunek gutxiago erabiltzen dute euskara euskalkia hitz egiten dutenek baino. Euskalkiak indartzearen alde nago, baina euskara batua ere ezinbestekoa da, urrats garrantzitsuak egin baitira hari esker.

Euskalgintzak zein aurrerapauso eman ditu?

Euskalgintzak Euskal Herria euskalduntzeko eta herri honen hizkuntza politika markatzeko lan handia egin du. Bere ibilbideari esker, sinesgarritasuna lortu du, eta administrazioaren aitortza jasotzen hasi da orain.

Gero eta nabarmenagoak dira herriko eragileen eta erakundeen arteko elkarlanak.

Bai, hala da. Uemako udal txiki askotan, herritarrengatik izan ez balitz, gure egitasmo asko gauzatzea ez litzateke posible izango; herritarrengana iristeko herria behar dugu. Guk herrietan baditugu taldetxoak eta ezinbestekoak dira horiek guretzat. Euskararen normalizazioa iritsiko bada, beharrezkoa izango da administrazioaren eta herrigintzaren arteko elkarlana, eta bide onetik doazela uste dut. Administrazioak sekulako gaitasunak ditu legedia aldatzeko, dirua jartzeko eta abar.  Herriak, berriz, urteetako esperientzia du. Herriarekin kontatu gabe herria euskalduntzea oso zaila da.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide