Bolumen handiko hondakinak biltzeko Emausi deitu behar zaiola gogorarazi du Udalak

Maxixatzen.eus 2020ko ots. 5a, 09:11
Hondakinak, kalean. (Argazkiak: Udala)

Udalaren arabera, edukiontzi guneen ondoan askotan izaten dira bolumen handiko materialak, eta hori ekiditeko eskatu du.

Bolumen handiko hondakinak edo materialak biltzeko Emausengana jo behar dela gogorarazi du Azkoitiko Udalak. Udalak azaldu duenez brigadako langileek "sarri" aurkitzen dituzte sofak edo altzari zaharrak edukiontzien ondoan botata. "Bolumen handiko artikuluak edo hondakinak jasotzeko Emausi deitu behar zaio, kalean botata utzi beharrean", nabarmendu dute. Emausek eskaintzen duen zerbitzua doakoa da, eta etxez etxekoa. Egin behar den gauza bakarra da 656 789 574 eta hitzordua hartu Emauseko langileak etxeko material zaharrak jasotzera pasa daitezen. Beste aukera da norberak Garbigunera eramatea.

Urola Erdiko Mankomunitatearen ardura da bolumen handiko hondakinen bilketa, eta 2017ko uztailetik Emausek eskaintzen du bilketa zerbitzua. Alabaina, kaleetan sarri agertzen dira altzariak edo tamaina handiko artikuluak edukiontzi kanpoetan eta hori saihestu nahi da. Udalak eskatu du bolumen handiko artikuluez desegin nahi izanez gero, Emausera deitzeko guztion artean kaleak garbi eta hondakinik gabe izateko.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide