Jon Segurolaren eskaladaren inguruko hitzaldiarekin hasiko da gaur Azkoitiko Mendi Astea

Maxixatzen.eus 2020ko ots. 4a, 13:43
Jon Segurola.

Mendi Asteko lehen hitzaldia emango du gaur, asteartea, Jon Segurola 'Burutzu' azkoitiarrak. AEBn eta Marokon egindako bidaiak izango ditu hizpide Segurolak, Floreaga Ikastetxean, 19:30ean hasita. 

Azkoitiko Mendi Astea hasiko da gaur, asteartea, eta Eskalada munduan zehar izenburupean, azken bost urteetan egindako bidaietako irudiak erakutsiko ditu Jon Segurola 'Burutzu' azkoitiarrak. 19:30ean izango da hitzaldia, Floreaga Ikastetxean. Segurolak hainbat argazkirekin eta bideorekin egindako muntaia bat proiektatuko du solasaldian: "Utahko [AEB] basamortuan nahiz Taghian [Maroko] ibili izan naiz azken bost urteetan, eta han eskalatutako hormen argazkiak erakutsiko ditut hitzaldian", azaldu du azkoitiarrak. 

22 urte zituenean hasi zen Segurola eskalada munduan, eta egun, Azpeitiko eskaladako lokalean ibiltzen da eskalatzen. Azkoitiarraren arabera AEBn dauden hormak "eskalatzeko oso desberdinak" dira: "AEBn eskalada oso desberdin egiten dute, hormetan arrakala asko daude eta hori asko gustatzen zait. Horregatik daramatzat hainbat urte hara joaten", adierazi du Segurolak. Inguruko hormengatik galdetuta, berriz, azkoitiarrak dio Euskal Herrian eta inguruetan daudela Iberiar penintsulako hormarik onenak.

Hitzaldian AEBko eta Marokoko irudiak erakutsiko dituen arren, Segurola Indian eta Europako beste hainbat herrialdetan ere ibili izan da eskalatzen, eta hitzaldia amaitutakoan, hitzaldira bertaratzen direnek hizlariari bidaien inguruko galderak egiteko aukera izango dute.

Gaurtik hasita ostegunera bitartean, beste bi solasaldiz gozatzeko aukera izango da Mendi Astean. Bihar, asteazkena, Arkaitz Irureta, Javi Dominguez, Izaskun Zubizarreta eta Fermin Ilarregi mendiko eski lasterketez arituko dira solasean; ostegunean, berriz, Tor filmaren emanaldia eta solasaldia izango dira Iñaki Urresti zuzendariarekin eta Silvia Trigueros filmeko protagonistarekin. Bi ekitaldiak Floreaga Ikastetxean izango dira, 19:30ean hasita.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide